Ibilbide horretan makina bat garaipen eskuratu ditu: Kontxako Bandera hiru aldiz irabazi du eta beste horrenbeste aldiz, Euskotren Liga. Aurtengo denboraldia esku hutsik amaitu dute tituluei dagokienez, eta arraun ibilbidea horrela amaitzeak pena apur bat eman dion arren, argi dauka lagatzeko unea iritsi zaiola. Aurrerantzean beste modu batean biziko du arrauna, eta beste kirol batzuk probatzeko aukera ere izango du.
• Iaz ere erretiroa hartzekotan egon zinen, baina berriz itzuli zinen. Aurtengo erabakia behin betikoa da?
Nire lagunei galdetzen badiezu esango dizute urtero nagoela lagatzekotan, eta gero ez dudala inoiz lagatzen, baina bai, aurtengoa behin betikoa da: iritsi zait arrauna lagatzeko momentua. Iaz laga behar nuen, baina azkenean batetik eta bestetik bueltatzeko eskatu zidaten. Aurten estreinakoz zortzi traineru lehiatu gara eta hori ere bizi nahi nuen, egia esan. Beraz beste urte baterako konpromisoa hartu nuen, baina aurtengoa azkena izan da.
• Zergatik hartu duzu erabakia?
Hamar hilabete erabat lotuta pasatzen ditudalako, eta hori gogorra da. Asteburuetan lagun arteko planen bat antolatzen badute, nik ezin izaten dut parte hartu; entrenamenduetara joan eta noiz etxeratuko naizen ez dut jakiten; neguan lanetik irten eta nire kabuz entrenatzen naiz Elgoibarren... oso lotua da. Urte asko eman ditut horrela eta orain nahi dut urte hauetan babesa eman didaten lagun eta senideekin denbora gehiago egon.
• Zure ibilbidean hainbat titulu irabazi dituzu. Zein balorazio egiten duzu?
Aurtengo denboraldian titulurik gabe geratu gara, eta pena ematen dit arraun ibilbidea horrela amaitzeak, baina beste perspektiba batetik begiratzen badut, balorazioa positiboa da. Edozein arraunlarik ezin du esan Kontxako Bandera hiru aldiz irabazi duela eta Euskotren Liga beste hiru aldiz. Aurten bigarren egin dugu Ligan eta postu ona da. Estreinakoz zortzi traineru lehiatu gara, eta zortzitik bigarren egitea ondo dago, baina gure helburua dena irabaztea zenez, penaz bukatu dut. Zarauzko estropada ere ez genuen irabazi, eta Kontxan ere ezin izan dugu. Pena handia izan da.
Aurtengo Kontxa, gainera, oso berezia izan da. Orioko txaranga joan zen gu animatzera, Benito Lertxundiren Mirotzak abestia jo ziguten arraunean hasi aurretik, ke hori bat ere bota ziguten uretara sartzean... Oso polita izan zen hasiera. Amaieran ere aldapa herritarrez, senidez eta lagunez beteta zegoen eta ezin izan genien titulua eskaini. Gogorra izan zen, eta negar pila bat egin nuen. Emozioak eta penak denak bat eginda nituen une hartan.
• Ametsa bete zenuela esan zenion BARRENi, Kontxako Bandera estreinakoz irabazi zenuenean, eta beste bitan irabazi duzu gerora. Zer eman dizu arraunak eta zer eman diozu zuk arraunari?
Dena eman diot arraunari, neukan onena eta txarrena. Momentu onak eta txarrak bizi izan ditut, baina dena emanda eta ametsa beteta lagako dut arrauna. Kontxako Bandera irabaztea da edozein arraunlariren ametsa, eta nik hiru aldiz irabazi dut. Urte askoan ia talde berbera izan dugu, oinarrizko blokea berdina izan da neurri handi batean, eta lan ona egin dugu. Talde egonkorra izan gara, lagunak, konfiantza handia eduki dugu gure artean eta hori oso garrantzitsua da. Arraunak asko eman dit, baina batez ere, lagunak. Pentsatze hutsarekin emozionatu egiten naiz.
• Aurrerantzean nola biziko duzu arrauna?
Zale totala izango naiz, eta estropada guztiak jarraituko ditut. Lagun asko ditut han, eta laguntzarik behar badute ere, prest egongo naiz. Ez dut 100%ean deskonektatuko, baina orain arteko loturarik ere ez dut izango. Jendea arraunarekin denboraldiak irauten duen bi hilabetetan gogoratzen da, baina urtea oso luzea egiten da, bereziki, negua. Hor atzean dagoen lan guztia ez da ikusten.
• Elgoibarren arraunak ez dauka tradizio handirik. Nola iritsi zinen zu arraunera?
Ondarruko lagun batzuen bitartez iritsi nintzen. Kirolaria izan naiz beti, eta arrauna probatzea interesgarria iruditu zitzaidan. Uretan ibiltzean sortzen den soinua pila bat gustatu zitzaidan; oso sentsazio ona eman zidan. Egia esanda, beste kirolek ez didate horrelakorik eman. Gogorra da, baina asko ematen du aldi berean, bestela ez nituen horrenbeste urte egingo.
ELKARRIZKETA osorik BARREN aldizkariko 1299. zenbakian -PDF-
Bideo-elkarrizketa HEMEN
∞Lotura duten albisteak:
- Arrauna laga duela eta gertukoek omenaldia egin diote Leire Garateri (2023-09-15)
- Leire Garate: "Aurreko urteetakoak baino gehiago baloratu ditugu Kontxako Banderan eta Euskotren Ligan lortutako garaipenak" (2022-09-15)
- Leire Garate: “Aurtengo ospakizuna intimoagoa izan denez, sentsazio guztiak patxadaz dastatu ditut” (2020-09-16)
- Leire Garate omendu zuen Sanlok arraunean lortutako garaipenengatik (2019-11-13)
- Leire Garate: “Arraunean neukan ametsa bete dut Kontxako Bandera irabazita” (2019-09-13)
- Leire Garatek Kontxako Bandera irabazi du Orioko traineruarekin (2019-09-08)
- Leire Garate Euskotren Ligan arituko da Orioko traineruarekin (2018-07-04)