Arrauna laga duela eta gertukoek omenaldia egin diote Leire Garateri

Barren.eus 2023ko ira. 15a, 13:33

Arraunean 11 urteko ibilbidea egin ostean, erretiroa hartzea erabaki du Leire Garate Rodrigo (Elgoibar, 1988), Orio taldeko arraunlariak.

Joan zen domekan Donostian jokatu zuten Kontxako estropada izan zen Leire Garatek arraunlari moduan egin zuen azkenekoa. Garatek 2019an irabazi zuen estreinakoz Kontxako Bandera Oriorekin, eta garaipen harekin arraunean zuen ametsa bete zuela esan zuen. Arraun munduan preziatuena den Kontxako beste bi bandera irabazi zituen gero, 2020ean eta iaz, 2022an. Orain nahikoa dela erabaki du eta arrauna laga du.

Leire Garatek Ondarrun eman zituen aurreneko pausoak, bateletan, 2012. urtean; eta handik gutxira hasi zen arraunean Orion. Emakumeen taldea sortzeko jendea behar zuten Orion eta taldean sartzeko aukera iritsi zitzaion urte hartako Gabon bueltan. Harrezgero Orioko taldean aritu da, eta makina bat garaipen eskuratu ditu Kontxako Banderaz gainera, Euskotren Liga, besteak beste.
Atzo omenaldi txiki bat egin zioten Elgoibarren bere etxekoek, lagunek eta hainbat taldekidek. Goiko argazkian ikus daitekeen moduan, Orioko kale edo txoko bat gehiago zirudien Zubi Ondo elkarte inguruak.

 

∞Lotura duten albisteak: