Obrak kolektorearen zati batzuetan egingo dira, eta kolektore horiek industrialdeko hondakin-urak Debabarreneko kolektore nagusiarekin lotuko dituzte. Aurreikusitako gauzatze-aldia sei hilabetekoa da, eta inbertsioa 636.033,24 euro gehi BEZ.
Elgoibarko Udaletik jakitera eman dutenez, Arriagan industrialdeak 1970. urtean du jatorria, urte hartan onartu baitzuten enpresa bakoitzak ur beltzak eta industrialak arazteko sistema propioa garatuko zuela. "Hala ere, premisa hori ez da bete errealitatean", aazaldu dute.
Uraren Euskal Agentziak proiektua eguneratu zuen 2021ean. Horren barruan sartzen da Arriaga industrialdeko saneamendu-sarea Debabarreneko kolektore nagusiarekin lotzea, hondakin-urak Elgoibarko Apraitz HUAn tratatzeko aukera emanez.
Elgoibarko Udaletik gogora ekarri dute, udaletik ere ahalegina egin dutela Arriaga industrialdeko azpiegitura hobetzeko. 2019an, poligonoaren urbanizazioa legeztatzeko proiektu bat egin zuten, eta 1. eta 2. faseak gauzatu dituzte dagoeneko. "Proiektu honen helburua da dagoen saneamendu-sare unitarioa sistema bereizle bihurtzea eta errekara isurtzen diren hondakin-uren isurketa zuzenak ezabatzea".
Udalak zehaztu duenez, orain hasi duten obra hau "urrats garrantzitsua" da Arriaga industrialdean tratatu gabeko hondakin-uren isurketaren arazoari aurre egiteko. "Uraren Euskal Agentziarekin batera lan egiteak gure lurzoru industrialean ingurumena errespetatzen duen saneamendu-sistema egokia bermatzea ahalbidetuko digu", adierazi dute.
∞Lotura duten albisteak:
- Arriaga Industrigunea berrurbanizatzeko bigarren fasea hasi dute (2021-05-19)
- Arriaga industrialdea urbanizatzeko lanen bigarren fasea lizitaziora atera du Elgoibarko Udalak (2021-03-12)
- Hasi dituzte Arriaga industrialdea berrurbanizatzeko lanak (2020-03-02)
- Arriaga industrialdea urbanizatzeko lanen lehen fasea lizitaziora atera du Udalak (2019-11-29)