BPXport enpresarentzako lan egiten duten beharginek egin zuten grebaren ondorioz, itxita egon ziren Olaizaga kiroldegiko igerilekuak. Itxiera horregatik kaltetuak izan ziren erabiltzaileei zerbitzua ez emateagatik zor zaien dirua kalkulatu eta itzultzea erabaki du, "aho batez", Elgoibarko Udal Kirol Patronatuaren Zuzendaritza Batzordeak. Jakinarazi dutenez, 1.534 abonaturengan izan zuen eragina greba deialdiak, eta itzuli beharreko zenbatekoa 24.111,05 eurokoa dela ondorioztatu dute. Hasi dira dirua itzultzen eta abenduaren 22ra bitartean egingo dituzte itzulketok, abonatuek abonuak ordaintzeko emandako kontu zenbakietan.
Itzuli beharreko kopuruen kalkulu zehatz hori "funtsezko" hainbat faktoretan oinarrituta egin dutela azaldu dute. Honako hauek:
- Udal Kirol Patronatuaren abonamenduan sartutako instalazio guztiak hartu dituzte kontuan, eta bakoitzari balio bat esleitu diote, erabilera-mailaren eta urtean zehar irekita egondako denboraren arabera. Olaizagako igerilekua ongarri osoaren % 30 dela baloratu dute.
- Olaizaga Kiroldegia urteko 332 egunetan irekita egoten da (abuztuan, urtarrilaren 1ean eta abenduaren 25ean ixten dute). Ordainketa-modalitate bakoitzeko ordaindutako kopurutik abiatuta, eta urteko 332 irekiera-egunak kontuan hartuta, eguneko kostua zehaztu dute.
- Patrunatutik zehaztu dutenez, sorosleen greba apirilaren 22an hasi zen, eta maiatzaren 15era arte egon ziren greban. Ondorioz, 23 egunez itxi zuten Olaizagako igerilekua. Maiatzaren 15etik aurrera, sorosle batzuk lanera itzuli zirenean, igerilekua arratsaldez eta hilean asteburu batean irekitzen hasi ziren, hau da, "igerilekuaren balioaren % 75 abonuaren % 30ean". "Uztailaren 31ra arte greban egon ziren gainerako bi sorosleek Olaizagako igerilekua % 75ean itxita egotea eragin zuten, guztira 78 egunez, lanera itzuli ziren arte".
∞Lotura duten albisteak:
- Sektoreko lan hitzarmen berria sinatu arren, grebari eutsiko diote kiroldegiko hainbat langilek (2023-07-12)
- Olaizaga kiroldegiko igerilekuak zabalik daude atzotik, eta martxan igeriketa eskola eta hainbat ikastaro (2023-05-16)
- Kiroldegiko langileek hasitako grebaren harira komunikatua atera dute Elgoibarko Udalak eta Udal Kirol Patronatuak (2023-05-16)
- Kiroldegiko beharginek plazara atera dute "soldatak eguneratzeko" eskaera (2023-04-27)
- EAJk azalpenak eman ditu kiroldegiko beharginen grebaz eta anbulatorioaz (2023-04-27)
- Greba mugagabea hasiko dute kiroldegiko beharginek apirilaren 22tik aurrera (2023-04-21)
- Lan baldintzak hobetzea eskatu dute Elgoibarko kirol langileek (2023-03-07)