Batetik, Kiroldegiko beharginen lan gatazkari dagokionez, Elgoibarko Uri Buru Batzarreko presidente Alfredo Etxeberriak adierazi zuen alde guztiek egoera bideratzeko ahalegina egin behar dutela, "salbuespenik gabe". "Langileen soldatak eguneratzeko beharra ikusita, 2022ko urrian Patronatuak eta Udalak baliabide ekonomiko nahikoak jarri zituzten langileen eskakizunak eta enpresaren bideragarritasuna bermatzeko. Ondorioz, urtarrilean, kasuan kasuko enpresari esleitu zitzaion zerbitzuaren hornikuntza baliabide ekonomiko nahikoekin. Orain, bai langileei eta baita enpresari ere, soldaten eguneraketa adostea eta aplikatzea dagokie, eta baita indarrean dagoen hitzarmena aplikatzea ere. Horregatik eskatzen diegu bi aldeei dagokien ahalegina egitea". Etxeberriak zehaztu zuen zerbait sakrifikatzea edo norberaren jarrera malgutzea esan nahi du "ahalegina" egiteak. "Kasu honetan, oraingoz, Patronatuak eta Udalak soilik egin dute ahalegina egoera berbideratzeko, zerbitzu horren zuzkidura handituz. Greba-eskubidea gauzatzeak ezin du eragin negatiborik izan egoera konpontzen dagoeneko beren ekarpena egin dutenengan".
Bestetik, Elgoibarko EAJko buru Alfredo Etxeberriak anbulatorioaren gaiarekin erabilera politikoa egitea egotzi zion 24/7 Plataformari eta bere alderdiak duen iritziaren berri eman zuen. Osakidetzak ematen duen osasun zerbitzuari "kalitatezkoa" iritzi arren, gero eta zerbitzu zabalagoa eta osatuagoa izatearen ondorioz garestiagoa ere badela esan zuen: "Sei kilometroko erradioan eskualderako zerbitzua ematen duten bi ospitale edukitzea, Euskal Herrian gutxik goza dezakegun pribilegioa da". Halere, hobetzeko aukera badagoela zehaztu zuen. "Tokiko osasun zerbitzua, gertutasuna, lehen instantzia, etengabe eguneratu behar da eta EAJ-PNV Elgoibarren hala ulertzen dugu". Alabaina, mugak ere kontuan izan behar direla zehaztu zuen, eta muga horiek kostuekin lotu zituen: "Etengabeko hobekuntza eta eguneratzea eskatzen duten mugak, baina zilegi denari egokituak. Kasuan kasuko zerbitzurako irisgarritasuna bermatzen duten etxeko arretaren bitartez, adibidez, larrialdietako orduen murrizketei erantzuten dieten irtenbideak bilatu eta ezartzea". Osasun zerbitzuen gaia osotasunean lantzekoa dela esan zuen Etxeberriak, larrialdi zerbitzuaren ordutegia moduko aldarrikapenetara mugatu gabe, eta nabarmendu zuen zerbitzua "bere osotasunean" hobetzeko ari direla lanean. "Elgoibarren eta baita Erkidegoan ere, denok ados egongo gara Osakidetzak ematen dituen zerbitzuak eguneko 24 ordutan eta urteko egun guztietan jasotzea gustatuko litzaigukeela esaten badut, baina lurraldeosorako egin beharreko planteamenduak dira, ez herriz herri. Horregatik eragin txikia dauka Elgoibar moduko herri batek Jaurlaritzaren edo Osakidetzaren aurrean egin dezakeen eskaera konkretu batek, ordutegiarenak, esaterako". Bere esanetan, osasun zerbitzua osotasunean aztertu behar da, "zerbitzu guztiak eta horiek emateko eskura dauden baliabideak zein diren aztertuta". Horren harira esan zuen azterketa hori egina duela Jaurlaritzak, Elgoibarko Udalarekin elkarlanean, eta gabezia bat atzeman dutela, gaur egungo azpiegitura txikia gelditu dela. Ildo beretik, esan zuen leku mugatua izatea bera beste muga dela etorkizunean ezar litezkeen zerbitzuei begira eta ahaleginduko direla konponbidea bilatzen.