Denborari begira korrika egiten ez dutenentzako saria egongo da Karakateko Igoeran

Barren.eus 2023ko urr. 31a, 15:01

Azaroaren 18an jokatuko dute Karakateko Igoera mendi lasterketaren 28. ekitaldia, eta Morkaikok sari berri bat sortu du aurtengorako.

Morkaikokoek denborari begira saltaka egiten ez duten saltakariak ere Karakateko Igoeran parte hartzera animatu nahi dituzte, "denbora estuak alde batera utzita, edonork lasterketa barrutik bizi dezala". Honenbestez, ohiko sariez gainera, Astigarraga kirol dendaren laguntzarekin lehen sailkatuaren denbora bikoizten duen parte hartzailea ere sarituko dute aurten. "Denborara gehien hurbiltzen dena, pasatu gabe", zehaztu dute. Gizonezko zein emakumezko azkarrenak eta lehen elgoibartarrak saritzeaz gainera, igoerako azken zatia aurpegirik onenarekin egiten duen parte hartzailea ere sarituko dute. Mauxitxako gazta bat izango da saria. Izen ematea doakoa da eta egunean bertan apuntatu ahal izango da, 8:30etik 10:00etara. 125 parte hartzailetan jarri dute muga. Irteera 11:00etan izango da, Kaldegoen Plazako frontoiko frontisetik. Lau kilometroko ibilbidean 700 metro inguruko gorako desnibel positiboa gainditu beharko dute parte hartzaileek. Proba honen berezitasunetako bat da norberak nahi duen bidetik igo ahal izango duela Karakateko puntu geodesikoraino. Ikus lasterketako araudia.

 • Boluntarioak behar dituzte proba antolatzeko
Morkaikotik jakinarazi dute boluntarioak behar dituztela lasterketa antolatu ahal izateko. Kalegoen plazatik Agerre baserri parera arteko bidean dauden bidegurutzeak zaintzeko prest dauden boluntarioak behar dituzte, bereziki, eta baita antolakuntzako beste zenbait lan egiteko prest dauden boluntarioak ere. Laguntzeko prest daudenek hemen eman behar dute izena: morkaiko.eus

2023 10 31 karakateko igoera kartela

•Azken urteetako irabazleak: