Musika elektronikoa eta rocka izango dira aste gastronomiko mikologikoko osagai nagusiak

Barren.eus 2023ko aza. 11a, 13:53

Aste gastronomiko mikologikoaren bigarren aldia antolatu du Aizu! ostalarien elkarteak Udalaren laguntzaz. Azaroaren 16tik 18ra bitartean izango da eta musika elektronikoak eta rockak leku berezia izango dute aurtengo egitarauan.

Aizu! elkarteko kide diren herriko taberna eta jatetxeetan perretxikoekin egindako pintxoak salduto dituzte eguenean, azaroaren 16an, 19:00etatik 21:00etara bitartean. Pintxoak 1,60ko prezioan salduko dituzte. Erosketa bonoak ere zozkatuko dituzte establezimendu horietan.

 • 'Erritmoaren ibilbidea', barikuan
Barikurako herriko kale eta auzoak musika elektronikoz josiko dituen ekimena antolatu dute ostalariek. 'Erritmoaren ibilbidea' deitu diote ekimenari, eta 19:00etatik gauerdira bitartean, estilo askotariko musika elektroniko saioak izango dira, herriko bederatzi gunetan banatuta (ikus mapan, beheragoko kartelean).

  • 19:00etatik 21:00etara bitarteko lehen txandan bost saio izango dira: Imanol & Jainaz (House/Breaks eta Minimal Tech) Kalegoen plazan, DJ Mari (Remember) Kalebarrenen, Marmot & Glock (Electro House) Kalebarren plazan, Otermin (Minimal House) San Frantzisko kalean eta Vicario, Roke (Acid House) Ermuaranbide kalean.
  • 22:00etatik 24:00etara bitarteko lau saioak: KRPI (Electro Techno) Pedro Migel Urruzuno kalean, Glock & Marmot (Electro House) Urazandin, J (Techno melodikoa) Maalako parkean eta Artetxe (Minimal) Toletxe kalean.


 • Euskal rocka eta rockalean
Aste gastronomiko mikologikoaren hirugarren eta azken egunean, azaroaren 18an, rock doinuek girotuko dute eguna. Hasi, baina, Niala mago elgoibartarak tabernaz taberna egingo dituen magia saioekin hasiko dute eguna. 12:00etatik 15:00etara bitartean arituko da Niala. Arratsaldean herriko kaleak kalejiran zeharkatuko ditu Rockalean taldeak. Azken urteetan Txiki Egunean etorri izan dira Elgoibarrera eta giro aparta sortu izan dute. Musika munduan denbora luzea daramaten bost musikarik osatutako taldea da. Izenak berak argi uzten du beraien estiloa: rocka egiten dute, kalean, baina pop doinuak ere joten dituzte. Talde ezagunen kantuen bertsioak egiten dituzte, abesti orijinalaren esentzia mantenduz. Normalean ikusten ez den musika formazio berezia osatzen dute: bi pertsona baterian, gitarra, soussaphone-a eta ahotsa.
Rockzaleek gauean izango dute bigarren dosia, Euskalrock taldeak Maalako parkean emango duen kontzertuarekin. Barricada, RIP edota Kortatu musika taldeei gorazarre egiten die talde honek bere zuzenekoetan. 23:00etan hasiko da kontzertua.

Iaz, herriko 29 ostalarik hartu zuten parte estreinako aste gastronomiko mikologikoan, eta antolatzaileak pozik laga zituen ekimenak izan zuen harrerak.

2023 11 10 aste mikologiko gastronomikoa aizu elgoibar katela mapa