Jone Arriola elgoibartarraren "Dena asmatuta dago" laburmetraia emango dute eguenean Herriko Antzokian

Barren.eus 2023ko abe. 11a, 18:45

Gazteen komunikatzeko modua eta pertsonen arteko harremanak ezartzeko modua jorratu ditu Jone Arriola Lobete zinemagile elgoibartarrak "Dena asmatuta dago" laburmetraian.

Eguen honetan, abenduaren 14an, Elgoibarko Herriko Antzokian emango dute laburmetraia, eta bere lana aurkeztuko du zuzendariak berak, Jone Arriolak. 19:00etan izango da emanaldia, eta doakoa izango da.

Euskaltzaleen Topaguneak, Lekeitioko Udalak eta Euskal Zine Bilerak bi urtean behin antolatzen duten VI. Benito Ansola sariko beka irabazi ostean ondu du Jone Arriolak 'Dena Asmatuta dago' laburmetraia. Proiektuak zituen ekoizpen diseinu "oso landua eta bideragarria"; eta, gaur egungo errealitate aldakorrak gazteen harremanetan eragin dezakeen hausnarketa modu "zintzoan, ñabarduraz eta estereotipoetatik harago" plazaratzeak duen interesa nabarmendu zituen beka nori eman erabaki zuen epaimahaiak, Bego Vicario eta Estibaliz Urresola zinegileek osatuak.

Arriolak adierazi du ikus-entzunezko honetan garrantzi berezia ematen diola elkar ulertzeari. Halere, dio, esaten ez dena esaten dena baino deserosoagoa dela sarritan. "Dena asmatuta dago" laburmetraiak harreman eroso bat eraikitzeko elkarrizketa deserosoak izateko beharra aztertzen du.
Filmak antzinako bainugela arrosa bat du eskenatoki. Lur (Xanti Agirrezabalak antzeztua) eta Martin (Jon Ander Urrestik antzeztua) ageri dira berton, porro bat erretzen ari direla. Duela sei hilabete elkar ezagutu bazuten ere, euren arteko haremana izendatzeko izen zehatzik ez dute. Uretan eta lurrun artean daudela, elkarrizketa deseroso bezain funtsezko batean murgilduko da bikotea. Martin aspertu da egoeraz, harreman horri konkrezio bat eman nahi baitio. Lur, ordea, gustura dago dauden moduan, beldurra ematen dio-eta konpromisoak. 

Lila, Elgoibarko Emakumeen Etxeak eta Elgoibarko Udalak antolatu dute emanaldia, elkarlanean. Laburmetraiaren emanaldia amaitutakoan, solasaldia hasiko da, non egileek euren ikuspuntuak eta esperientziak partekatuko dituzten publikoarekin.

2023 12 11 Dena Asmatuta Dago jone arriola kartela

 

∞Lotura duten albisteak: