Carmen Valero gogoan izango dute Mugertza krosean

Barren.eus 2024ko urt. 3a, 19:06

Emakumezkoen atletismoan aitzindaria izan den Carmen Valero hil zen urtarrilaren 2an, eta haren omenezko ekitaldia egingo dute domekan, Mugertza krosean, 1978ko krosa irabazi baitzuen Teruelen jaio baina umetatik Katalunian bizi zen saltakariak.

Emakumeen kirolean, eta bereziki atletismoan eta krosean erreferentea izan zen Carmen Valero Zigor Diezen berbetan. Mugertza kroseko zuzendariak azaldu duenez, bere heriotzaren berri izan ostean, -buruko isuri batekin hil zen martitzenean, 68 urterekin- domekako krosean omenaldi txiki bat egitea erabaki dute, eta minutu bateko isilunea egingo dute bere omenez. Duela bost urte ere, 2018. urteko urtarrilean, omendu zuten Valero Elgoibarren, Juan Muguerza Nazioarteko Krosaren 75. Urteurreko Galan. Izan ere, 1978. urteko Mugertza Krosa irabazi zuen Valerok. "Erreferente bat izan zen bera baino lehenago Mugertza krosa irabazi zuten Belen Azpeitiarekin eta Coro Fuentesekin batera", gogora ekarri du Diezek 80. Mugertza krosa aurkezteko ekitaldian. Coro Fuentes irabazi zuen emakumeek parte hartu zuten estreinako Mugertza krosa, 1967an. Belen Azpeitiak sei alditan irabazi zuen Elgoibarko krosa.

Valero Olinpiar Joko batzuetan parte hartu zuen lehendabiziko atleta espainiarra izan zen, Montrealgoetan hartu baitzuen parte 1976an. Munduko Kros Txapelketa ere irabazi zuen, birritan: 1976an eta 1977an. Lorpen horien gainetik, baina, bide zabaltzailea izan zen, gainerako emakumeei bidea ireki baitzien, hala ez zen sasoian emakumeek ere kirola egin zezaketela ikusaraziz.