Txapeldun handiak lehiatu dira 75 urtean Mugertza krosean (ikus palmaresa), eta horietako batzuek, atletismoaren historiako mitoak asko, batu dira Krosaren 75. Urteurrena ospatzeko Galan. Inazio Bereziartua musika eskolako saxofoi taldeak Vangelisek Carros de Fuego filmerako sortutako soinu bandako piezarik ezagunena joten zuen bitartean, banan banan igo dira oholtza gainera belaunaldi askotariko atletak. Antolatzaileek Urrezko Liburua oparitu diete. Hona oholtzara igo diren txapeldunak.
- Lucas Larraza (1953an eta 1957an irabazi zuen krosa), Benito Aldai (1958 eta 1960an txapeldun), Coro Fuentes (Emakumeek parte hartu zuten lehen kroseko irabazlea, 1967an), Mariano Haro (1972, 1973, 1976, 1977 eta 1978an irabazle), Montse Abello (1977), Carmen Valero (1978), Pilar Fernandez (1979), Antonio Prieto (1983), Ezequiel Canario (1985), Ana Isabel Alonso (1987, 1988 eta 1989an irabazle), John Ngugi (1988), Antonio Serrano (1989), Leonard Komon (2008, 2010 eta 2011), Conseslus Kipruto (2013) eta Timothy Toroitich (2014). Krosa sei aldiz irabazi zuen Belen Azpeitia zenaren alabak ere jaso zuen errekonozimendua eta bata behin baino gehiagotan bigarren egin zuen Alejandro Gomez atleta galiziarrak ere.
Euskal Telebistako kazetari Juanan Legorburuk Mugertza krosari buruz egin duen dokumentala primizian ikusteko aukera izan dute Herri Eskolan batutakoek. 'Mugertza, Elgoibar Munduratu duen krosa' izenburuko lanak bikain laburtzen du orduerdian krosaren 75 urteko historia, hasi C.D. Elgoibar antolatzen hasi zen garaietatik, Ego Toki atletismo elkarteak antolatu zuen aroa gero, eta Mintxetakoen gidaritzan egin dituzten azken 17 krosak. Gainera, Elgoibarko alkate izandako zazpi lagun batu dituzte dokumentalerako: Angel Fernandez de Jauregi, Lucio Beitia, Ignacio Elkoro-Iribe, Guillermo Garate, Marivi Agirregomezkorta, Alfredo Etxeberria eta Ane Beitia. Krosaren inguruko bizipen eta bitxikeriak kontatzen dituzte ETB1ean domekan emitituko duten dokumentalean.