Enaitz Iraolagoitia txapeldunorde Berrizko ziklo-kros sarian, kadeteetan

Barren 2025eko abenduaren 1a

Berrizko Ziklo-kros Sari Nagusia jokatu zuten atzo, eta txirrindulari elgoibartarrak eta mendaroarrak ere lehiatu ziren; emaitza onak lortuz gainera. 

Marino Lejarreta belodromoa, Iñaki Lejarreta BTT zirkuitua eta Berrizburu inguruetan jokatu zuten Euskadiko Txirrindularitza Federazioaren egutegi barruko proba, 2,8 kilometroko zirkuituan. 300 txirrindulari lehiatu ziren guztira, eta parte hartzerik handiena kadete mailan egon zen: 120 neska-mutil. Hain justu ere, kategoria horretan lortu zituzten emaitzarik onenak Elgoibarko Lagun Taldekoek. Mutiletan Aimar Irizar Perez de Arenaza (Ulma-Aloña Mendi) oñatiarra izan zen azkarrena. Markel Irizar txirrindulari profesional ohiaren semeak 34 minutu eta 29 segundoan osatu zituen hiru itzuliak. Irabazlearengandik hiru segundora gurutzatu zuen helmuga marra Iraitz Iraolagoitia Urkizu (Besa-Laboral Kutxa) mendaroarrak. Elgoibarko ziklo-krosean lehen postua eskuratu zuen Telmo Hernandez Totorika ermuarra igo zen podiumeko hirugarren kaxoira, Aitor Hernandezen semea, hain zuzen ere. Alvaro Taramona San Juan sailkatu zen laugarren postuan, irabazlearengandik 10 segundura eta Danel Garaizabal Mugica (Besa-Laboral Kutxa) elgoibartarra sailkatu zen bosgarren postuan, 21 segundora. Garaizabal Gipuzkoako txirrindularitza selekzioarekin lehiatu da orain gutxi -azaroaren 23- Katalunian, Vic hirian jokatu zuten nazioarteko ziklo-kros proban. 

Berrizko ziklo-krosean lehen postuak eskuratu zituzten txirrindularien talde argazkia. Enaitz Iraolagoitia, zutik eskuinean. Arg: Estibaliz Peña.

Senior mailan Aitor Hernandez ermuarra eta Ainara Elbusto nafarra gailendu ziren Berrizen, Elgoibarko ziklo-kroseko irabazle berberak, alegia. 

Master 40 kategorian Alexander Beristain (Akerbeltz) izan zen azkarrena gizonezkoetan, 35:41eko denborarekin, eta zazpigarren postuan sailkatu zen Iban Gonzalez Ferro (Elgoibarko Lagun Taldea) elgoibartarra, irabazlearengandik 1:38ra. 

Master 50/60 kategorian Manu Quintanilla (Ciclos Yurrebaso) gailendu zen, 35:32ko denborarekin. Azibar Iraolagoitia (Mendaroko Txirrindulari Elkartea) mendaroarra seigarren postuan sailkatu zen, irabazlearengandik minutu eta 47 segundora. 

Junior mailan Mikel Llorente gailendu zen (48:04) eta 33. postuan sailkatu zen Unai Cornejo (Besa Laboral Kutxa).

Kadeteen probako laburpen bideoa, Txirrindulariak-en eskutik: