Gernika-Palestina herri ekimenak Euskal Herri osorako egin zuen protestarako deia, joan den barikurako, "Genozidioa stop! Israelekin hautsi berehala. Elkartasuna" lemapean. Zarata atereaz genozidioa salatu eta instituzioei Israelekiko harremanak "berehala" eten ditzaten eskatu zuten.
Elkarretaratze amaieran irakurritako testuan "egoeraren larritasuna" gogora ekarri zuten: "Nola gogortu liteke genozidio bat? Nola gogortu herri baten suntsiketa sistematikoa? Basakeria, masakrea, tortura… nola gogortu? Eta bai… Egunetik egunera terribleagoa da sarraskia… Zer da ba genozidioa etengabe gordintzen doan erabateko suntsiketa ez bada… Oihu lazgarriak isiltasun jasanezin azkenerako… Eta hemen, Palestinatik urrun, hitzak ere isilik daude, hutsik… Genozidio, sarraski, masakre, suntsiketa, tortura, basakeria… balioa galtzen dute gure etxeko sofan… kuxinen artean galtzen dira… esku artean dugun kafesnearen lurrunean..."