Euskal hezkuntza publikoko beharginen lan-baldintzak behingoz hobetzea eta baldintza horiek berton erabakitzea nahi dute sindikatuek. Launa egunez lanuztera deitu dituzte unibertsitateko langileak salbu, gainerako hezkuntza publikoko irakasleak, Haurreskola Partzuergoko langileak edota sukaldariak eta garbitzaileak.
Zazpi aldarrikapen nagusi
Sektore bakoitzerako aldarrikapen zehatzak eta propioak dituztela zehaztu dute deitzaileek, baina badira guztientzat amankomunak diren zazpi aldarrikapen nagusi: "geroz eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak" adostea eskatzen dute, erretiroa aurreratzeko plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, enplegu publikoa egonkortzea eta jaiotza tasaren gorabeherak aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegua bermatu eta lanpostuak egonkortzea.
- Greba egun hauen atarian sindikatuek kaleraturiko agiri bateratua (PDF)
Hauxe da greba egunon egutegia:
- Hezkuntza publiko ez unibertsitarioko irakasleak: urtarrilak 22-23 eta otsailak 26-27
- Haurreskola Partzuergoko langileak: urtarrilak 28-29 eta otsailak 12-13
- Sukaldariak eta garbitzaileak: urtarrilak 30-31 eta otsailak 19-20
Negoziazioak irekita, Jaurlaritzaren arabera
Eusko Jaurlaritzak Hezkuntzako sindikatuekin negoziazioak "irekita" dituela jakinarazi du greba egunen atarian. "Negoziazioak martxan daude, ez dira inoiz eten", adierazi du hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak. Ildo beretik, akordioa lortzeko "itxaropena" dutela esan du gaur Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak. "Elkarrizketan sinesten dugu, konponbidea elkarrizketaren bidez etorriko dela uste dugu, eta, beraz, negoziazioek irekita jarraitzen dute, akordio batera iritsi ahal izateko itxaropenarekin", adierazi du.