Elkarrizketa

Javier Garate: “Izugarri zaildu zaie postariei lana”

Ainara Argoitia 2025ko urt. 17a, 13:31

Javier Garate, Correosen Elgoibarko bulegoan 35 urtez lan egindako mendaroarra. BARREN

Iazko azaroaren 26an hartu zuen erretiroa Javier Garatek (Mendaro, 1962) 35 urtez Elgoibarko Correosen bulegoko langilea izan denak. Postari egin zituen lehenengo zazpi bat urte, eta bulegoan aritu zen gero, bezeroekin hartu-eman zuzenean.

Bizi osoan ezagutu zaitugu Correosen. Egingo dugu atzera begirako bat? 
1988an hasi nintzen. Jakin nuen uda hartarako jendea hartzen ari zirela langileak ordezkatzeko, eta eman nuen izena. Halaxe, bi lagun hasi ginen Donostiatik etortzen ziren hiru langile ordezkatzen, hiru hilabeterako kontratuarekin. Gero, Deban, Eibarren eta Bergaran ere egin nituen ordezkapen batzuk, eta gustatu zitzaidan lana.
Baserrian jaio (Mendaroko Lizarrolan) eta hezitakoa naiz ni, Batxilergora arteko ikasketak egin nituen, eta iritsi zitzaidan sasoia erabakitzekoa baserrian gelditu, enpresa munduan lanean hasi edo beste bideren bat hartu. Halaxe, uda hartan postari hasi, lana gustatu eta pentsatu nuen saiatu behar nintzela Correosen lan egonkorrago bat lortzen. Oposizioetara aurkeztea erabaki nuen, akademia batean liburuak eskatuta. Uste nuena baino zailagoa egin zitzaidan, asko ikasi beharra zegoelako geografiaz eta bestela, eta asteburuak baino ez nituelako izaten ikasteko, baina hirugarren saiakeran lortu nuen plaza.
Lehenengo oposizioetan oso plaza gutxi atera zituzten, baina 5.000 bat plaza atera zituzten egunean egokitu zitzaidan aukera. Garai hartan Madril eta Bartzelonan ateratzen zituzten plaza gehien eta han izaten zen lanerako aukera handiagoa, baina nik esana nion nire buruari plaza Euskal Herrian egokitu ezean, Kanarietara joango nintzela lanera, epeletara. Nirekin batera gainditu zuten gehienak Madrilera joan ziren, baina niri Elgoibar eman zidaten. 1992ko urtarrilean gainditu nuen azterketa, eta urrian hartu nuen Elgoibarren postari plaza.

Postari hasi zinen, baina, ezta?
Bai, eta ez zen erraza izaten. Akordatzen naiz Eibarren hasi nintzenean eman zidatela orri bat kale-izendegiarekin, eta ala, segi! Hura zen burukomina! Ikasten dira hala ere gauzak.

Postariei ere aldatuko zitzaien lana, ala?
Izugarri zaildu zaie lana. Lehen, beti topatzen genuen norbait etxean, baina orain, oso zaila izaten da portaleko atea zabalduko digun norbait topatzea. Orain, portaleetara sartzea zailagoa da kartak banatzea baino. Problema handia da hori. Kontrara, gero eta pakete gehiago eskatzen ditu jendeak etxean uzteko, eta gertatzen dira egoera zailak. Correosek agindua baldin badu paketea etxean entregatzeko, ezin du beste inon laga, ez bada bezeroak eskatuta, baina gertatu izan zaigu bezeroak lantokian eskatzeko eskatzea eta hara joan eta begi txarrez begiratzea jendeak.
Bada beste kontu bat jendeari ulertzea kostatzen zaiona. Guk etxera eramateko pakete bat laga diezaiokegu etxeko atea zabaldu digun edonori, ulertzen delako etxean egoteko baimena badu bezeroaren konfiantzazko norbait dela, baina bulegoan jasotzeko paketea jabeari berari edo haren baimena dakarrenari bakarrik eman diezaiokegu, gerta daitekeelako guk buzoian lagatako mezua beste edozeinek hartzea. Eta gaur arrisku hori ikusten dut mezularitzako enpresa askoren funtzionatzeko moduan. Presaka dabiltza, eta askotan, entregatu nahi horretan paketeak alfonbran laga edo beste edozein bizilaguni uzten dizkiote, jakin gabe zer harreman duten. Guri Correosek esaten diguna da ezin badugu, paketea etxean entregatu bulegotik pasarazteko eskatzeko bezeroari. Etortzen zaigu jendea kexaka paketea etxean laga ez diogulako, baina nik beti esaten diet postariarentzako doble lan dela hori, eta aukera izan balu, mila bider nahiago izango zukeela etxean entregatzea.

Noiz eta zergatik utzi zenuen postari lana bulegoko lanagatik?
Oso gustura nenbilen postari, baina halako batean, lanean hasi eta zazpi bat urtera, bulegoan postu bat gelditu zen hutsik eta pentsatu nuen aukera hura aprobetxatu behar nuela, beti ez nintzelako gazte izango eta etorri zitezkeelako kalez kale ibiltzeko ezinak. Bestela ere kaleko lana beti da gogorragoa, eguraldi txarrarekin ere ibili behar delako gurdiari tiraka, busti ezin daitekeen materialarekin. Aurkeztu nintzen eta lortu nuen. Postari izateko titulazioarekin hasi nintzen bulegoan, eta gero egin nituen bulegoko lanerako oposizioak. Geroztik 27 bat urte egin ditut bulegoan, eta zortekoa sentitzen naiz, asmatu dudalako hartutako erabakietan eta lankideekin eta bezeroekin oso ondo moldatu naizelako beti. Maitatua sentitu naiz. Azken hiru urteak nagusia izan dudanarekin eskuz esku eman ditut lanean, lehen hiru lagunek egiten genuen lana egiten, eta sekula ez diogu hitz erdi gehiago esan elkarri.

Javier Garate Correoseko Elgoibarko bulegoan, bezeroei dagokien lekuan orain. BARREN

Urte hauetako aldaketa nagusi bat aipatzeko eskatuko bagenizu, zer nabarmenduko zenuke?
Akordatzen naiz, hasi nintzenean, metakrilatozko pantaila baten atzetik egiten genuela lan, giroa ere gaur baino gaiztoagoa zelako-edo, eta ondo gogoan daukat pantaila hark bezeroen eta gure artean sortzen zuen distantzia. Jende asko beldurtuta moduan etortzen zen, batetik, Correos instituzio handia zelako eta bazegoelako distantzia markatze halako bat, eta bestetik, orduan jendeak ez zuelako gaur besteko eskolarik ere. Zoragarria izan zen pantaila hura kentzea. Esperientzia negatiborik ez nuen izan ordura arte ere, baina iruditzen zait asko irabazi genuela hartu-emanean. Ni ahalegindu naiz beti bezeroari behar zuen hori eskaintzen, haien beharrak asetzen, eta bezeroek eskertu didate ikuspegi komertzialarekin beharrean ikuspegi humanoarekin lan egitea.

Posta elektronikoa, sare sozialak... eskutitzik bidaltzen al da gaur?
Apenas. Lehen, faktura guztiak ere kartaz bidaltzen ziren, eskutitzak eta postalak ere gehiago idazten ziren, zer esanik ez Gabonetan eta udako oporraldian, baina orain apenas egiten den halakorik. Kontrara, ugaritu dena pakete-zerbitzuko lana da. Hori, eta presioa. Presio handiarekin egiten da lan gaur Correosen ere, lehiatu behar dugulako prezioak zentimoraino estututa dituzten enpresa askorekin.

"Hori bai, ezer egin gabe gelditzeko asmorik ez daukat, lana eman ezean, ugertu egiten delako gorputza"

Sasoi onean hartu duzu jubilazioa orduan.
Bai, egia esan, bai. Ez naiz sekula jubilatzeko zain egon, oso pozik etorri naizelako beti lanera. Konturatu gabe etorri zitzaidan jubilatzeko eguna ere. Oraintxe lehentxoago 20 urte nituenelakoan eta konturatzerako hemen naiz 62 urteko!.Disfrutatu egin dut lanean eta zorionekoa sentitu naiz, hartu nauten moduan hartu nautelako. Jendeak esan ere egiten zidan 'zu hain gustura egonda, jubilatu ere ez zara egingo!'. Baina ez, sasoiko nago, minik ez daukat inon, dirua egiteko afanik ere ez, eta jende onaren eskutan lagatzen dut bulegoa, beraz banoa. Hori bai, ezer egin gabe gelditzeko asmorik ez daukat, lana eman ezean, ugertu egiten delako gorputza.

Postari lana ala bulegokoa izan duzu gustukoakoa?
Bulegokoa. Bietan ibili naiz gustura, baina bigarrenak gehiago bete nau; baita aberastu ere! Askotariko jendearekin hartu-eman zuzena izaten dugun lanetan asko ikasten da. Hiru gauza behar dira: entzuten jakitea, pazientzia izatea, eta psikologia erabiltzea, berotuta datorrena baretzeko eta konfliktoak saihesteko. Atzo gauean [Gabon aurrean egindako elkarrizketa da] gertatu zitzaidan gauza polit bat: joan nintzen Elgoibarrera pasiatzera eta elkartu nintzen bezero izan dudan batekin taberna atari baten. Gelditu ninduen agurtzeko eta bi ordu egin genituen hotzetan Malape kanpoan, hizketan. Reala ikusteko asmoarekin joan nintzen ni hara, baina ez dakizu zer gustura egon ginen hizketan taberna kanpoan! Bizitzan zoriontasuna momentua bizitzen jakitea da.

Correosek jakin du garai berrietara egokitzen. Zeintzuk dira gehien eskatzen diren zerbitzuak gaur?
Dirua, minututan zerbitzua da bat. Mundu osora dirua bidaltzeko aukera ematen du, arriskurik eta arazorik gabe, eta batez ere etorkinek asko erabiltzen dute zerbitzu hori, Wester Unionen bidez senideei dirua online edo zuzenean bidaltzeko. Diruarekin lotuta, badaukagu beste txartel bat ere Interneteko erosketak-eta modu seguruan egiteko. Internet bidezko iruzurrak asko ugaritu dira, eta guk sei euroan saltzen dugun txartel horrek ahalbidetzen dizu ahalik eta arrisku txikiena hartzea, norberak sartu behar duelako han erosketa egiteko behar duen dirua, eta txarrenean, diru hori bakarrik galtzen duelako. Bankuko txartelaren tipoko bat ere saltzen dugu, batez ere etorkinek asko eskatzen dutena. Pare bat euro gehiago ordainduta, gainera, txartel hori kontu korronte ere bihurtzeko aukera eskaintzen dugu, transferentziak-eta egin ahal izateko.
Internetez erositako produktuak itzultzeko zerbitzua eta dokumentuak digitalizatzeko zerbitzuaren eskaria ere handitu da, baita maletak eta bizikletak bidaltzeko zerbitzua ere. 23 euro ordainduta, maleta nahi duzun lekura eramaten digu Correosek 24 orduko epean, eta 47 euroan bizikleta ere bidali dezakegu, kaxa batean sartu eta behar bezala enbalatuta.

Zu zeu izan al zara eskutitzak-eta bidaltzekoa?
Ez ba! Lehen banuen Gabonetan-eta zoriontzeko ohitura, baina galdu dut hori ere. Ni ere harrapatu nau olatuak. Lehen, sakonagoak ziren harremanak eta beste patxada batekin egiten genituen gauzak; orain dena da di-da egin beharra. Polita zer zen ba! Ez genuen idazten bueltan zerbait etorriko zen esperoan, baina ia ziurra izaten zen bueltan jasotzea ere. Eman-hartu hori da polita. Amarengandik ikasi nuen hori. Gure amak ez zuen ikasi idazten eta irakurtzen, baina balio handikoa izan zen, eta beti esan zigun laguntzeko ahal genuenean, bueltan ezer espero gabe.
5 urteko harremana izan nuen hiru-seme alaba zituen emakume batekin eta gogoratzen naiz harremana utzi ondoren nola deitu zidan haren 12 urteko mutikoak esanez lau ikasgai utzi zituela gainditu gabe eta ia lagunduko nion. Zer den bizitzan gaizki pasatzea, adin horrekin heldutasun hori agertzeko! Uda hartan Iruñetik Mendarora etorri zen. Goizetan jartzen nizkion ariketak, zuzentzen nizkion lanetik irtendakoan eta hondartzara joaten ginen gero. Lortu zituen errekuperatzea gainditu gabe utzitako ikasgaiak eta pasatu zen mailaz, eta sekulako poza hartu nuen haren zoriona ikustean. Aurten, 25 urte bete ditu, eta etxe berriko giltzak ematen dizkiotenean mesedez ikustera joateko eskatu dit. Bizitza markatu dit gertakari horrek. Eta nik harengan utzi dudan arrastoaren parekoa utzi dute nigan lankide izan ditudanek eta beste jende askok. Hori da Correosetik daramadan handiena.

Zer etorkizun ikusten diozu Correosi?
Ona. Estatuaren enpresa da Correos, interes publikoko zerbitzua eskaintzen du, eta herri guztietara iristen da, baita bestelako enpresei errentagarri ez zaizkien herri txikietara ere. Hori du ona. Iruditzen zait hiru ezaugarri horiengatik aurrera egingo duela, eta baita garai berrietara egokitzen asmatzen ari delako ere. Aurrekoan irakurtzen nuen Correos badabilela seguruak komertzializatzeko asmotan eta baita banku publiko bat sortzeko haizearekin ere, herri txiki galduetan zerbitzua emateko. Bestalde, langile kopuru handiko enpresa ere bada Correos, eta ez dut uste Estatuak lagako lukeenik ixten.