BPTDk eta Enpresarek lankidetza-hitzarmen berria sinatu dute

DKT 2024ko aza. 29a, 11:00

Alain Vivas (Enpresare) eta IƱigo Perez-Arregui (BPTD) Debegesan, hitzarmena sinatu ostean. Argazkia: E. Unamuno.

Ostegun goizean, Debabarreneko BPTD eta Bergara aldeko Enpresare enpresa-elkarteek lankidetza-hitzarmen "berri eta indartua" sinatu zuten Debegesan, bi elkarteek aurretik duten harremana sendotu eta elkarren artean "proiektu komunak eta lankidetza-ekintzak sustatzeko".

BPTD eta Enpresare enpresa-elkarteak elkarlanean ari dira 2020tik, eta "akordio hau beste urrats bat gehiago da bi elkarteek partekatzen dituzten helburuak sendotzeko bidean". Hala adierazi zuten atzo bi elkarteetako presidenteek, Iñigo Perez-Arreguik (BPTD) eta Alain Vivasek (Enpresare) hitzarmena sinatzeko Debegesan egin zuten agerraldi bateratuan.   

Hitzarmenak jasotzen dituen egitasmo zehatzei dagokienez, ondorengoak nabarmendu zituzten: "2025 eta 2026 Kudeaketa Planaren diseinuan eta aurkezpen-bileran parte hartzea, Berrikuntzarako Aliantza: Erronkak Aukera Bihurtzeko Lankidetza proiektua garatzea edo azoketan modu bateratuan parte hartzea".

Iñigo Perez-Arregui (BPTD): "BPTDk eta Enpresarek indarrak batu ditugu aukera berriak sortzeko" 

Debabarreneko eta inguruko 43 enpresa biltzen dituen BPDTko (Basque Precision Technology District) presidenteak, Iñigo Perez-Arreguik nabarmendu duenez, "Enpresa-sareak indartzeak gure industria-enpresek  proiektu komunetan parte hartzeko aukera ematen du, ez bakarrik haien jarraipena ziurtatuz, baita jarduera ekonomikorako aukera berriak sortuz eta lehiakortasunean irabaziz ere."

Perez-Arreguiren esanetan, "Gipuzkoako ETEek egokitu beharra daukate erronka berriei aurre egiteko: eraldaketa digitala, nazioartekotzea, belaunaldien arteko erreleboa, jasangarritasuna... eta, horregatik, BPTDk eta Enpresarek indarrak batu ditugu aukera berriak sortuko dituen akordio honekin".

Alain Vivas (Enpresare): "Batasunak indartsuago egiten gaitu"

Alain Vivas Enpresareko presidenteak elkarlanaren eta lankidetzaren garrantzian jarri du gakoa: "Gaur egun enpresa industrialek dituzten erronkak ez dira gutxi, baina uste dugu lankidetzatik errazago gaindituko ditugula. Batasunak indartsuago egiten gaituelako, eta horri esker hazteko aukera berriak sor daitezkeelako gure enpresetan. "