ASTEKO GALDERA: Zein dira elektrizitatearen faktura ulertzeko gako nagusiak?

BABESTUTAKO EDUKIA 2024ko aza. 11a, 09:00

Aste honetan, elektrizitatearen fakturaren inguruko galderari erantzun dio Debabarreneko Energia Bulego Birtualak: "Zein dira elektrizitatearen faktura ulertzeko gako nagusiak?"

Etxeko elektrizitatearen faktura ulertzeko gako nagusienetako batzuk ondorengoak dira:  

- Kontratatutako potentzia: Aldi berean martxan jarri ditzakezun aparatu elektriko kantitatea mugatzen du. KiloWatt (kW) da bere unitatea. Potentzia bi tarte edota periodotan banatzen da: 

  • Punta (P1): Astean zehar 8:00-24:00.
  • Sakonunea (P2): Astean zehar 00:00-8:00 eta asteburu eta jai egunetan.

- Kontsumitutako energia: Erabilitako energia kantitatea zehazten du eta KiloWatt ordu  (kWh) da bere unitatea. Kontsumoa hiru tarte edota periodotan banatzen da: 

  • Punta (P1): Astean zehar 10:00-14:00 eta 18:00-22:00.
  • Laua (P2): Astean zehar 8:00-10:00, 14:00-18:00 eta 22:00-24:00.
  • Sakonunea (P3): Astean zehar 00:00-8:00 eta asteburu eta jai egunak. 

- Kargu finkoa: Elektrizitate-kontsumoa edozein dela ere kobratzen den kopurua da. Kargu horrek zerbitzua emateko beharrezko azpiegiturarekin lotutako kostuak estaltzen ditu, hala nola linea elektrikoen mantentze-lanak, langileak eta bestelako gastu operatiboak. 

- Merkatu erregulatua eta librea: Elektrizitatearen sektorean bi merkatu mota daude, erregulatua eta librea. Kontsumitzaileak zerbitzua kontratatzerako momentuan, bi merkatu horien artean aukera dezake. 

Astelehenero, galde-erantzuna

Azaroan zehar, astelehenero, Debabarreneko Energiak Bulegoak faktura elektrikoaren gaineko galdera bati erantzungo dio, berau ulertzea errazagoa izan dadin. 

Energiari buruzko edozein informazio edota aholkularitza jaso nahi izanez gero, idatzi edo deitu Debabarreneko Energia Bulego Birtuala zerbitzura. Doako zerbitzu pertsonalizatua bailarako herritar, komunitate eta enpresentzako.

Webgunea: energia.debegesa.eus

E-posta: agenda2030@debegesa.eus

Telefonoa: 943 82 01 10.