Udalen Finantzaketarako Foru Funtserako (UFFF) zifra nagusien berri eman du Aldundiko Ogasun eta Finantzetako diputatua den Itziar Agirrek, Gipuzkoako Finantza Kontseiluan lurraldeko udal ordezkariekin bildu ostean. Foru Funtsa 14,5 milioi handitzea aurreikusten dute; 2023ko likidazioan baino %2,4 gehiago. Alabaina, Foru Funtsa hazi egingo den arren, mutualisten epaiak eragina izango du udalerriek Foru Funtsetik jasoko dutenaren aurreikuspenean. "22,2 milioi euroko desbideratze negatiboa" aurreikusi dutela azaldu du Agirrek. Behin betiko zenbatekoa 2025eko otsailean ezagutuko dute, 2024ko diru bilketaren eta ekarpenen benetako zifrak ezagutu ondoren.
2024ko hasierako aurreikuspena baino 345.200 euro gutxiago jasoko ditu Elgoibarko Udalak itxierako aurreikuspenaren arabera. Era brean, 59.084 euro gutxiago jasoko ditu Mendaroko Udalak.
Dena den, murrizketa aplikatuta ere, Elgoibarko Udalak aurten iaz baino 278.666 euro gehiago jasoko ditu Foru Funtsetik. 2023an 9.492.103 euro jaso zituen, eta aurten 9.770.769 euro aurreikusi dituzte itxieran. Mendaroko Udalak 2023an baino 32.278 euro gehiago jasoko ditu 2024an; 2023an 1.640.061 euro jaso zituen, eta aurten 1.672.339 euro aurreikusi dituzte itxieran.
Datorren urterako aurreikuspenei dagokienez, 2025ean %7 haztea espero dute Udal Finantzaketarako Foru Funtsa. Hala, 2025eko ekitaldian, Gipuzkoako Foru Aldundiak 673,7 milioi euro emango dizkie lurraldeko udalerriei, 2024ko ekitaldiko likidazio aurreikuspena baino 44 milioi euro gehiago. Elgoibarrek 2025ean 10.335.435 euro jasoko dituela aurreikusi dute, hau da, 2024rako itxiera aurreikuspena baino 564.666 euro (%5,78) gehiago. Mendarok 2025ean 1.801.370 euro jasoko dituela aurreikusi dute, 2024rako itxiera aurreikuspena baino 129.031 euro (%7.71) gehiago.
Udala | Likidazioa 2023 | Aurrekontua 2024 | Itxiera aurreikus. | Betetze maila | Aldakuntza 2023/2022 | Biztanleko euroak | 2025erako aurreikuspena |
Elgoibar | 9.492.103 | 10.115.969 | 9.770.769 | 96,59% | 2,94% | 850 | 10.335.435 (+ %5,78) |
Mendaro | 1.640.061 | 1.731.423 | 1.672.339 | 96,59% | 1,97% | 832 | 1.801.370 (+ %7,72) |
*Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia.