Udako argazki lehiaketa amaituta, erabiltzaile eta epaimahaiaren bozka guztiak jaso ondoren, saridunak ezagutu ditugu. Publikoaren saria Maider Rejasek irabazi du Landako urtegian ateratako argazki bati esker, barren.eus-eko erabiltzaileen bozka gehien jaso dituen argazkia izan baita, 87 botorekin. Publikoaren bozketan, guztira, 880 boto jaso ditugu. Irabazleak Errigorako produktu sorta jasoko du saritzat.
Sari nagusia Joserra Cabrerarentzat
Sari nagusia, epaimahaiarena, Joserra Cabrerak irabazi du O Groven, Galizia, ateratako argazkiarekin. Ongarri Argazkilari Taldeko eta BARREN herri komunikabideko kideek osatu dute epaimahaia eta argazkia ateratzeko teknika eta konposizioa nabarmendu dituzte. Jasoko duen saria bi lagunentzako otordua izango da, Gabi jatetxean.
Guztira, 55 herritarrek hartu dute parte lehiaketan, eta 150 argazki inguru bidali dituzte (bakoitzak bost bidal zitzakeen gehienez). Eskerrik asko parte hartzaile guztiei, eta baita bozka eman dutenei ere.