Bizkaiko unibertsitateetara joateko autobus zerbitzua merkeagoa izango da aurten

Barren 2024ko ira. 16a, 11:52

EHUren campusa, Leioan.

Dagoeneko martxan dago Ziztu Unibertsitate Elkarteak Bizkaiko unibertsitateetara joan-etorriak egiteko eskaintzen duen zerbitzua. Gainera, ikasturte honetan merkeagoa izango da. Ikasle mendaroarrek goizetan joateko eta eguerdi zein arratsaldetan itzultzeko autobusak izango dituztela jakinarazi du Mendaroko Udalak.

Ziztu Unibertsitate Elkartea 2023an sortu zuten, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako unibertsitate-zentroen eta Urola bailarako (Azkoitia, Azpeitia, Zestoa, Zumaia) eta Debabarreneko (Mendaro, Elgoibar) udalerrien arteko garraio-zerbitzua kudeatu eta sustatzeko.

Aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru departamentuak diruz sustatu du elkartea, eta hala aurkeztu zuten joan zen maiatzean departamentuko diputatuak eta Urola eta Deba bailaretako zenbait herrietako alkateek egindako prentsaurrekoan. Horrela, aipaturiko herrietatik Bizkaiko unibertsitateetara egunero doazen ikaslegoak gutxiago ordaindu beharko du autobus zerbitzuagatik ikasturte honetan.

Hiru tarifa

Mendaroko Udalak jakinarazi duenez, Ziztuk 176 egunetan eskainiko du autobus zerbitzua 2024-2025 ikasturtean, irailaren 6tik ekainaren 10era arte. Aldalur autobus konpainiako autobusekin emango dute zerbitzua. Hiru tarifa daude aukeran: egunerokoa, astelehen eta ostiraletakoa eta noizbehinkakoa.

  • Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru-laguntzak egunero bidaiatzen duten horien gastuen zati bat ordainduko dute. Horien kuotetan Mugi txartelean aplikatzen diren hobari edo deskontu berdinak aplikatuko dizkiete.
  • Beste bonu posible bat astelehenetan Bilbora edo Leioara joatekoa eta ostegunetan edo ostiraletan itzultzekoa izango da, hau da, astean bi bidaia egiteko, 80 euroko prezioan.
  • Noizbehinka joan nahi izanez gero, 12 euroko kostua izango da bidaiako.

Ikasturtea 17,6 eguneko 10 kuotatan banatuko dute, eta ordainketak errazteko, kuota bakoitza hilaren hasieran ordainduko dute ikasleek.

Geltokiak eta ordutegiak

Mendaroko eta Elgoibarko bidaiariak Usatorre ondoko geltokian hartu eta lagako dituzte. Geldialdiak egingo ditu Deustun, Sarrikon eta Leioan. 07:00ak inguruan hartu ahalko dute autobusa,

Ordutegi zehaztuak, kuotei buruzko zehaztapenak eta alta emateko jarraibideak Zizturen webgunean topa daitezke: www.ziztuelkartea.eus