Bizkaiko unibertsitate campusetara joateko garraio zerbitzua merkeagoa izango da Mendaroko ikasleentzat

Barren 2024ko mai. 16a, 16:50

Ziztu elkarteko ordezkariak; Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako, Zumaiako eta Mendarko udal ordezkariak; Iraurgi Berritzenekoak eta Gipuzkoako Foru Aldundikoak, Basazabalen egindako agerraldiaren ostean

Mendarotik Bizkaiko unibertsitate campusetara joateko autobus zerbitzua bermatuta izango dute erabiltzaileek, Gipuzkoako Foru Aldundiak hura finantzatzeko beharrezko diru laguntza ematea onartu baitu.

Mendaroko Udalak, Urola eta Deba bailaretako beste udalerri batzuekin batera, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru departamentuak Bizkaiko unibertsitateetara joan-etorria egiteko garraio zerbitzua sustatu eta  lagundu du diruz. Era horretan, Bizkaiko unibertsitateetako Mendaroko ikaslegoak  gutxiago odaindu beharko du autobus zerbitzuagatik. "Izan ere, asko dira Bizkaira egunero joateko benetako beharra dutenak, eta pisu bat alokatzeko diru-kopuru neurrigabea gastatu edo egunero autoa hartu beharra izaten dutenak, horrek dakarren arriskuarekin eta gainkostuarekin", adierazi du Mendaroko alkate Enetz Ezenarrok.


Maiatzaren 7an elkartu ziren Azpeitian Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguez, bost udaletako alkateak –Mendaroko alkatea, Enetz Ezenarro, barne–, eta Ziztu Unibertsitate Elkarte eta Iraurgi Berritzeneko ordezkariak prentsaurrekoa emateko.
Oraindik ere aplikatu beharreko tarifen inguruan doikuntza batzuk egin behar badira ere, kuotak Mugiko zerbitzukoekin parekatzea aurreikusten dute. Gainera, tarifek atzeraeragina izango dute, eta tarifa berriak aurtengo urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira. 

Enetz Ezenarroren hitzetan pozgarria da erakundeen arteko lankidetzari esker Mendaroko herritarren benetako behar bati erantzutea lortzen dela ikustea. "Bizkaiko Unibertsitatera egunero joan behar duten Mendaroko ikasle zein irakasleek erraztasun ekonomiko nabariak izango dituzte autobus zerbitzu honi esker, eta ez hori bakarrik, kutsadura gutxitzeko eta errepideetako segurtasuna handitzeko neurri bat ere bada”.