Datorren ikasturteari begira, Bizkaiko unibertsitateetara joateko ematen duten garraio zerbitzuaren inguruko informazioa emateko bilera antolatu dute Ziztu elkartekoek uztailaren 18rako. Azpeitiko Azoka Plazako lehen solairuko aretoan egingo dute bilera irekia, 18:30ean.
Elkartetik jakitera eman dutenez, Zumaiatik, Zestoatik, Azpeititik, Azkoititik, Mendarotik eta Elgoibartik Bilboko eta Leioako unibertsitateetara autobusez joan nahiko luketen ikasleentzako eta langileentzako bilera informatiboa izango da. Mendaroko eta Elgoibarko bidaiariak Usatorre ondoko geltokian egiten duten geldialdian jasotzen dituzte. "Bilera horretan azalduko ditugu besteak beste, garraio zerbitzuaren egutegia, ordutegia, kide bihurtzeko modua eta aurreikusten diren kuotak".
Ziztu Unibertsitate Elkartea 2023an sortu zuten, EAEko unibertsitate-zentroen eta Urola bailarako (Azkoitia, Azpeitia, Zestoa, Zumaia) eta Debabarrena eskualdeko (Mendaro, Elgoibar) udalerrien arteko garraio-zerbitzua kudeatu eta sustatzeko. Irabazi asmorik gabeko elkartea da. Joan den ikasturte honetan, 2023-24koan, Aldalur konpainia kontratatu zuten Bizkaiko unibertsitateetara autobusez joan ahal izateko.
Ziztu elkartearekin harremanetan jarri nahi dutenek ziztu.elkartea@gmail.com helbide elektronikora idatz dezakete.
Lotura duten albisteak: