Ohi baino lehenago hasiko dira Trinitate jaiak Elgoibarren aurten, barikuan bertan hasiko baitira ekitaldiak. Inazio Bereziartua musika eskolak 40 urte bete ditu, eta ospakizun ekintzen barruan kontzertu berezia antolatu dute. Musika Gaua egingo dute Maalan, 22:00etatik aurrera. Jai-giroa berotzeko kontzertua izango da bariku gauekoa, baina zapatuan hasiko dira jaiak bete-betean. Elgoibarko baserrietako azoka berezia egingo da Lekuederren eta Aita Agirren. Batetik, herrian bertan ekoiztutako produktuak erosi eta dastatzeko aukera egongo da. Bestetik, hemengo baserrietan hazitako animaliak ere egongo dira ikusgai. 80 bat buru ekarriko dituzte guztira.
Ferian ohiko bilakatu den Elgoibarko baserrietako sagardo lehiaketa aurten ere antolatu du Zazpiki elkarteak, eta bederatzi baserrik hartuko dute parte: Olazarraga Azkue, Armazio, Amuskategi, Antsolabazterra, Gelasoro,Urrategi,Zuluetabekoa eta Marigorta.
Lekuederren bertan Lumagorri eta Basatxerri kalitatezko oilasko eta txerrikiak dastatzeko aukera egongo da, platera 2 euro ordainduta.
Arratsaldea Mauxitxa txarangak girotuko du, eta gauean, danbor hotsak izango dira nagusi, Atabal taldeak antolatzen duen nagusien danborradan.
Domeka eguerdian umeek hartuko diete helduei erreleboa. Inazio Bereziartua musika eskolako ikasleak arituko dira danbor eta kupelei eraginez bandaren doinuak lagun, eta urtero bezala, karroza ikusgarri batek zeharkatuko ditu kaleak.
Umeen danborradak kaleak zeharkatzen dituen bitartean, artisau azoka egongo da Lekuederren.
Trinitateak Mendaron
Mendaron, Trinitate ermitaren inguruan ospatzen dituzte trinitateak, Mendarozabal auzoko jaiak. Bizi Poza txarangakoek hasiko dituzte ostiralean ospakizunak, eta zapatuan zuhaitza jasoko dute ermita ondoan jai-batzordekoek, kanpai eta txapligo hotsez lagunduta. Ekintza nagusiak, baina, igande eta astelehenerako gordeko dituzte.
TRINITATE JAIAK ELGOIBARREN
24 BARIKUA
22:00 Musika Gaua. Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolak antolatuta, Maalan.
25 ZAPATUA
9:00 - 14:00 Kaleko margo lehiaketa. Egur Arte Tailerrak antolatuta, parrokiako arkupeetan.
10:00 Urazpiko bataioa, 15 urtetik gorakoentzat (adin txikikoak, gurasoen baimenarekin). Urbizik antolatuta, kiroldegian.
10:00 - 14:30 Herriko baserrietako produktuen salmenta.
10:00 - 17:00 Herriko baserrietako abereen erakusketa. Aita Agirren.
11:00 Lumagorri eta Basatxerri produktuen dastaketa. Zazpiki kultur elkarteak antolatuta, sagardo dastaketa eta lehiaketa.
13:00 Euskadiko Harri Zulatze txapelketa. Kalegoen plazan.
Jarraian, C.D. Elgoibarko argazki rally-aren sari banaketa, Txankakua eta Ongarri argazkilari taldearekin elkarlanean.
18:00 Mauxitxa txarangaren kalejira, Mauxi eta Kiribilekin.
23:00 Nagusien danborrada. Atabal elkarteak antolatuta, Kalegoen plazan.
26 DOMEKA
9:00 Diana, Udal Txistulari Taldearekin.
10:00 - 14:30 Artisau azoka, Lekuederren.
11:00 Meza, San Bartolome parrokian.
12:00 Umeen danborrada. Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolak antolatuta.
17:30 Erraldoi, buruhandi eta zezenzikletak, Elgoibarko dultzaineroekin.
TRINITATE JAIAK MENDARON
24 BARIKUA
19:00 Bizi Poza txarangarekin kalejira.
25 ZAPATUA
17:00 Zuhaitza jasotzea, kanpaiak eta txapliguak.
26 DOMEKA
10:00 Mendaroko txistularien kalejira.
11:30 Eliz ospakizuna, abesbatza eta Ameikutzekin.
12:30 Herri Kirolak. Maddi Gesalaga harria jasotzen, eta Ugaitz Mugertza eta Eneko Otaño, aizkoran. Ondoren, Saioa Lizarralde eta Leandro Esnaola trikitilariak.
27 ASTELEHENA
11:00 Meza, Trinitateko elizan.
12:00 Ikastolako umeen bertso saioa.
Ondoren, Saioa Lizarralde eta Leandro Esnaola trikitilariak.
Lotura duten albisteak:
- 2023ko trinitate jaiak, irudietan (2023-06-06)