Musika Gaua antolatu dute barikurako, musika eskolaren 40. urtemugako ekintzen barruan

Barren 2024ko mai. 21a, 18:57

Musika Gaua izeneko kontzertua iragarri du Inazio Bereziartua dantza musika eskolak maiatzaren 24rako, musika eskolaren 40. urtemugako ekintzen barruan. Bezperan, berriz, Kalejira Ibiltaria egingo dute.

1984ko maiatzean sortu zuen guraso talde batek Inazio Bereziartua Musika Eskola. 300 ikasle eta 13 irakaslerekin hasi zuen ibilbidea Elgoibarko musika eskolak eta 40 urte bete ditu aurten, osasun beteko. Gaur egun, sorreran halako bi ikasle gehiago ditu, 600 bat, eta irakasle kopurua ere bikoiztu egin da: 25. Garaiak ere aldatu dira 40 urtean, eta etengabeko berrikuntzan jarraitzen du musika eskolak, herrigintzan eta kulturgintzan erreferente izaten. Eta urteurrena gogorarazteko, maiatzean zehar burutu dituzten eta egitekoak dituzten ekintza guztien berri eman dute. 


Maalan, gauez

Urteroko ekintzak dira denak, baina bada bat formato berrian emango dutena: maiatzaren 24rako, Trinitate bezperarako, iragarri duten Musika Gaua kontzertua. Orain arte musika eskolako beste kontzertu bat izaten zena eta astebarruan egiten zutena, Maalara eramango dute, gauez. Musika eskolako rock taldeak zabalduko du kontzertua eta lau pieza joko dituzte. Ondoren, beste zortzi kantu interpretatuko dituzte musika eskolako ikasleek Big Band formatoan. Betisua txarangari sekzio ritmiko bat (bateria bat, baxua, bi piano eta gitarra) gehituko diote horretarako, eta bi kantutan bakarlariek ere parte hartuko dute: batean, Maite Marquez mendaroarrak eta bestean, Kitziki musika taldeko bi kidek eta hirugarren abeslari batek. 

Kontzertu Ibiltaria, eguenean

Aurrez, baina, Kontzertu Ibiltaria antolatu dute maiatzaren 23rako, eguenerako. Beste urte batzuetan Pintxoconcert deitu izan dioten ekimen honetan, musika eskolako ikasleek musikaz girotuko dituzte kaleak. Musika eskolako ataritik abiatuko da Kontzertu Ibiltaria, 18:00etan. Betisua txarangak gidatuko du ekimena, eta hainbat geldialdi egingo ditu, herriko txoko desberdinetan. Geldialdi bakoitzean, musika eskolako talde bat izango dute zain, Betisuari lekukoa hartu eta musika emanaldi laburrak emateko.