Sasoi betean daude Elgoibarko Lagun Taldeko neska-mutilak. Joan zen astean Gipuzkoako erlojupeko taldekako txapelketa irabazi zuten infantilek, Zumaian, eta zapatuan, podiuma egin zuten taldeko txirrindulariek Bergaran jokatu zuten eskolarteko lasterketan, benjaminetan, alebinetan eta infantiletan. Industrialdeetan jokatzen dira normalean adin hauetako txirrindularien lasterketak eta hala izan zen zapatuan ere. Zirkuitoari bi itzuli eman zizkioten benjaminek, lau alebinek eta zortzi infantilek, bizikletarako ezin eguraldi pretralagoarekin. Izan ere, lasterketak hastekoak ziren unean bertan hasi zuen euria, euri erauntsia. Benjaminetan, Elgoibar Lagun Taldeko Iker Barrueta eibartarrak irabazi zuen eta Egoi Motriko mendaroarrak egin zuen bigarren. Alebin nesketan, Elgoibarko Lagun Taldeko beste bi txirrindulari igo ziren podiumera, bigarren eta hirugarren egin zuten June Iraolagoitia mendaroarra eta Irati Ansola elgoibartarra, eta infantiletan, Xabier Barrueta eibartarrak hirugarren egin zuen, azkeneko metroetan erasoa jo eta esprinean amaitu zen lasterketan.