Gutxienez hiru eta gehienez bost laguneko taldeak osatu behar zituzten klubek erlojupekorako, eta ekipo bakoitzeko hirugarrenak markatzen zuen helmugan denbora. Elgoibarko Lagun Taldeko infantilen mailako taldea Xabier Barrueta eta Eneko Lameiras eibartarrek, Enaitz Iraolagoitia eta Oier Arriola mendaroarrek eta Danel Garaizabal elgoibartarrak osatu zuten, eta ezin hobeto moldatu ziren txirrindulari gazteak. Bi kilometro pasatxoko zirkuituari bosna itzuli eman behar zioten txirrindulariek, eta 15 minutu eta 41 segundo behar izan zituen Elgoibarko taldeak. Bederatzi segundotako aldea kendu zioten bigarrenei, oñatiarrei. Lehia estua izan zuten bigarren eta hirugarren sailkatuek, Aloña Mendi taldekoek eta Dorletako Ama taldekoek, eta segundo bakar baten aldearekin helmugaratu ziren, elkarren ondoren.
Baina infantiletan bakarrik, ez. Alebinetan ere podiumera igo ziren Elgoibarko Lagun Taldeko txirrindulariak. Irati Ansola eta June Iraolagoitiak Danena taldeko txirrindulari batekin osatu zuten atzo erlojupekorako taldea, eta bigarren sailkatu ziren. Alebinek hiru itzuli eman behar izan zizkioten bi kilometroko zirkuitoari eta Zumaiako-Donosti taldeko txirrindulariek osatutako taldeak egin zuen denborarik onena (11:22). Amalia Agirre, Amaia Agirre, Mairi Legarreta eta Leire Galianok osatu zuten talde irabazlea. Hirugarren Irunes eta Oiartzungo txirrindularitza taldekoek egin zuten.