Etengabeko euri emariaren ondorioz Cadagua, Urola, Oria, Urumea, Zadorra eta Deba ibaien arroetan urak gainezka egin du azken orduetan.
Altzolako estazio hidrometeorologikoak maila horia gainditu du 08:00ak inguruan eta hala gertatzen den guztietan moduan, Kilimon errekak ezin du ibairatu eta urak gainezka egin du Mendaroko Garagartza auzoan, ohiko lekuetan. Gauerdirako ordulaurden baten faltan Uholdeen Larrialdi Plan Bereziaren alerta fasea deklaratu zela jakinarazi zuten Udaletik eta gau osoan aritu dira ura ponpatzen bizilagunak. 09:00ak aldera hustu dute haurreskola ere, badaezpada, eta momentu horretan hasi da ura Trinitate kaleko lehenengo zenbaki parean pilatzen. Momentuan, hiru peoretara gutxienez sartu da ura eta suhiltzaileak ari dira Trinitate kaleko hirugarren atari parean ura errekara ponpatzen. Oraindik Kilimon errekak bere bidean jarraitzen du, baina ez du oraintxe asko falta gainezka egiteko. Errekako petrila zentimetro batzuk altxarazi izanak lagundu du oraingoan.
Elgoibar eta Eibar arteko bidegorria ere urak hartu du zenbait zatitan. Era berean, Altzolan ere egin du gainezka ibaiak, Alzola Basque Water enpresaren aurrealdean.
Eusko Jaurlaritzak uholde arriskuagatik ezarrita zegoen alerta laranja 12:00etan amaitu da. Nolanahi ere, arazoak oraindik handiak dira, bereziki, Gipuzkoako eta Nafarroako zenbait lekutan. Euskalmeten aurreikuspenen arabera, arratsaldetik aurrera atertzera egingo du.
Deba ibaiaren ur emaria maila gorrirantz gerturatzen ari da Altzolako estazioan.