Garrantzi handirik gabeko jardunari deitu izan zaio esne-berriketan, normalean emakumeen jardunari. Hala ikasi diogu Uxue Alberdi idazle eta bertsolariari. Lucia Etxeberria elgoibartarrari hartutakoa du Alberdik esamoldea, hark Laiotz aldizkarirako idatzi zuen istorio batetik hain justu ere. Eta horri helduta idatzi du liburua Alberdik, emakumeek kontatutako 77 istorio bilduta. Orain, istorio horietako batzuk aukeratu eta herriz herri dabil haiek errezitatzen. Amorantek laguntzen dio saioro musikarekin, eta bina bertsolari izaten ditu ondoan bat-batean bertsotan egiteko. Mendaron atzo eman zuten saioan formato horixe erabili zuten, eta Miren Amuriza eta Onintza Enbeita bertsolariak igo ziren oholtzara, bi artista elgoibartarrez gain. Uztargi tabernako Julian Segundok antolatu zuen saioa, eta bideo honetan duzue saioak eman zuenaren aletxo bat.
Datorren urteko martxoaren 6an Elgoibarren emango du saioa Uxue Alberdik, baina aurreratu du ezberdina izango dela, hala direlako Esne-berriketan saio guztiak.