Haur Krosa eta San Silbestre lasterketa antolatu ditu abendurako Mendaroko Txirrindulari Elkarteak

barren.eus@elgoibarkoizarra.eus 2025eko abenduaren 4a

Haur Krosa eta San Silbestre lasterketa, biak izango dituzte Mendaron Gabon egunen bueltan. Mendaroko Txirrindulari Elkarteak antolatu ditu, Udalaren laguntzarekin. 

Abenduaren 20rako iragarri dute Haur Krosa. Urtero moduan, Mendarozabalen egokituko dute zirkuitoa, eta adinka banatuta parte hartu ahal izango dute haurrek. 16:30ean hasiko dira lasterketak, eta ordu erdi bat aurretik azaltzeko eskatu diete parte-hartzaileei, dortsalak jasotzeko. Haurrei ez ezik, haien guraso eta etxekoei ere deia egin diete antolatzaileek egun horretan Mendarozabalera agertzeko, ikusleek ere parte-hartzaileek beste janzten dutelako  jaia.

Abenduaren 31n izango da San Silbestre herri lasterketa. 17:00etan hasiko da, eta orduerdi aurretik hasiko dira dortsalak banatzen, frontoian. 12 urtez gorakoek parte hartu ahal izango dute lasterketan, baina adingabeak gurasoen oniritziarekin. 5 kilometro izango ditu zirkuitoak, baina antolatzaileek jakinarazi dute lasterketa baino gehiago jaia dela San Silbestre eguneko proba, eta beraz, bakoitzak ahal duena eginda nahikoa dela. Aurten, hori bai, mozorrorik onena sarituko dutela aurreratu dute.