Azaroaren 25aren harira hiru ekintza gauzatu ditu azkeneko asteotan Itaiak, Mendaron. Azaroaren 15ean, mural bat margotu zuten, plazan, eta azaroaren 19an prostituzioaren inguruko Princesas filma proiektatu zuten San Agustin kulturgunean. Atzorako, berriz, plazan elkartzeko deia egin zuten eta horretarako bideo bat ere zabaldu zuten joan zen astean sare sozialen bidez, egoeraren larriaz ohartarazteko. Eguraldi makurragatik, udaletxeko arkupeetan egin zuten elkarretaratzea atzo, eta adierazpen bat ere irakurri zuten bertan Itaiako bi ordezkarik. Adierazpen horretan, errealitate gordinaz ohartarazi eta indarrak batzeko deia egin zuten, indarkeria matxistaren kontra urte osoan borrokatzeko azken batean.
Datuak ere eman zituzten. Aurten, zazpi emakume hil ditu indarkeria matxistak Euskal Herrian, baina datuak are dira gogorragoak, batetik, indarkeria matxistak aurpegi gehiago ere badituelako, eta bestetik, biktima askok isilean bizi dutelako beren kalbarioa. "Ezin dugu onartu eraso bakar bat ere salatu gabe geratzea. Gu guztion ardura da erasotuak diren emakumeak defendatzea eta erasotzaileen zigorgabetasunaren kontra borrokatzea", zehaztu zuten horren harira.
Indarkeria matxista deslegitimizatzeko ikusten duten joeraz ere ohartarazi zuten, bai eta indarkeria matxista arrazismoa sustatzeko baliatzeko zenbaiten ahaleginaz ere. "Badaude, hala ere, indarkeria matxista asmakizun ideologikoa dela defendatzen dutenak. Gizonak ere erasotuak direla argudiatuz, matxismoa ukatzen dutenak. Familia barruan gertatzen dena, familiako arazoa dela esaten dutenak (...) Eskuineko eta ultraeskuineko alderdi eta eragileak ideia atzerakoiak normalizatzeko interbentzio ideologiko-politikoa egiten ari dira", zehaztu zuten lehenengoaren harira, eta honako beste hau esan zuten indarkeria matxista arrazismoarekin lotzeko askorengan ikusten duten joeraz: "Ozen diogu: ez erabili indarkeria matxista arrazakeria sustatzeko! Eraso ororen aurrean erantzuten jarraituko dugu, erasotzailea dena delakoa izanda ere. Ez dugu onartuko gure zapalkuntza espektakulurako eta interes partidistetarako erabiltzea!".
Indarkeria matxista amaitzeko bide bakarra ikusten dutela azpimarratu zuten: indarrak batu, eta instituzioetatik kanpora antolatzea.
Hona hemen, atzoko elkarretaratzera batzeko zabaldu zuten bideoa.