Bi sari eskuratu ditu Iñaki Goitia Mendaroko liburuzainak mikrokontakizunen bi lehiaketatan

Barren 2025eko azaroaren 7a

Getafe Negro literatura lehiaketa entzutetsua irabazi du Iñaki Goitiak, mikrokontakizunen sailean, eta bigarren saria eskuratu du Espainiako Kultura Ministerioak antolatutako mikrokontakizunen Bibliotecas: puertas abiertas a la cultura y la información lehiaketan.

Sariak pilatzen jarraitzen du Iñaki Goitia  Mendaroko liburuzainak (Oñati, 1981). Espainiako Kultura Ministerioak antolatutako Bibliotecas: puertas abiertas a la cultura y la información mikroipuinen lehiaketan bigarren saria eskuratu du, Un clásico de la literatura universal mikrokontakizunarekin. Bi baldintza bete behar zituzten idazlanek: batetik, liburutegiak izan behar zuela gaia, eta bestetik, mikrokontakizunek gehienez 200 hitz izan behar zituztela. Liburutegien funtzioa kulturarako,  informazio-iturri fidagarrietarako eta informazio-alfabetizaziorako baliabideetarako sarbidea ziurtatzea zela erakutsi behar zuten istorioek.

Gutxi-asko hauxe da saritutako lanaren sinopsia: ustekabean sagu bat sartuko zaio liburutegian liburuzainari eta, lehenengo golpean erratzarekin uxatzeko tentazioa izango badu ere, arraza, erlijio, sexua, adina edo beste edozein arrazoigatik baztertua ez izateko erabiltzaile guztiek duten eskubidearekin gogoratuko da eta  libre utziko dio. Baina albistea azkar zabalduko da herrian, eta liburutegira joateari utziko diote herritarrek. Egoerak gain hartuta, direnak eta bi egingo ditu sagua kanporatzeko, baina liburu artean, egunetik egunera argiagoa egin zaio sagua. 

Kultura Ministerioaren aitortza hori jaso zuen egun berean, baina, beste sari bat ere eskuratu zuen Goitiak, mikrokontakizunen alorrean sona handikoa dena, Getafe Negro sariketaren baitakoa. XVIII. edizioa izan du aurtengoa sariketak, eta Stieg Larsson idazlearen Los hombres que no amaban a las mujeres nobelaren hogeigarren urtemuga hartu dute lanerako aitzakiatzat. Nobelako lehenengo esaldia abiapuntu hartuta idatzi behar zuten mikrokontakizuna lehiakideek eta guztira 403 lan jaso zituzten epaimahaikideek, haietatik bat apartatzeko gero. Goitiaren Método Stanislavski aukeratu zuten epaimahakideek, eta 400 euroko diru-saria, Idazleen Eskolan hiru hilabeteko ikastaro bat doan egiteko aukera eta liburu sorta bat jaso ditu ordainetan idazleak, merchandise produktu batzuekin batera.

Kulturaniztasunaren nazioarteko topaketa, Erroman
Azkenik, Erroman ospatu duten kultuaniztasunaren nazioarteko topaketan Goitiaren beste mikrokontakizun bat irakurri eta landu dute herrialde askotatik joandako adituek.