Mamu itxurako gailetak, askotariko maskarak eta ginkana beldurgarria, Mendaroko Arimen Gauaren osagaiak

Barren 2025ko aza. 1a, 17:00

Arno guraso elkarteak eta Mendaroko Udal ludotekak gailetak egiten ikasteko eta aurpegiak margotzeko tailerra, eta ginkana beldurgarria antolatu zituzten atzorako, Arimen Gaurako. Iluntasunaren zirrarak erakarrita, jende ugari batu zen ospakizunera. 

Frontoian hasi zuten atzoko egitaraua. Galletiak gozogintzakoek gailetak egiten irakatsi zieten umeei, eta askotariko mamu eta munstro goxoak egin zituzten haiek, atzoko egunak eskatzen zuenera egokituta. Aurpegiak margotzeko eta eskulanak egiteko mahaiak ere prestatu zituzten Udal ludotekako hezitzaileek eta Arno guraso elkarteko boluntarioek frontoian, eta gozatu zuten eskola-umeek. 18:00retan, berriz, ginkana hasi zuten. Herri osoan zehar ibili ziren haurrak hara eta hona, guraso elkartekoek prestatutako probak gainditzea baitzuten erronka. Bidean, hainbat mamu eta arima galdurekin egin zuten topo ustekabean, eta beldurrak dantzan ibili ziren parte-hartzaileetako asko, antxitxika batera eta bestera.

Eskeak ere indar handia hartu du azken urteotan Mendaron, eta kantura eta eskera batu ziren beste hainbat. Kaleko argiak itzalita, ilunetan galduta ibili ziren arima galduak iluntze parte osoan. Gauean, berriz, eta Udalak antolatuta, pailazo beldurgarriek hartu zituzten kaleak. Suziri eta perkusio ibili ziren haiek, jendea izutuz. Arg.: Ion Urbieta.