Aspanogi elkarteak jasoko du Mendaroko garagardo azokan bildutako dirua

Barren 2025ko urr. 20a, 13:07

Barikuan zabaldu zuten garagardo azoka solidarioa Mendaron, eta frontoian egokitu zuten jantokiaren bueltan, ekintza ezberdinak egin dituzte asteburu osoan zehar.

Enpresen Eguna izendatua zuten barikua antolatzaileek, eta ohi legez, inguruetako enpresetako langileak inguratu ziren bazkaltzera. Beste urte batzuetan baino jende gutxiago elkartu zen bazkaritan, baina afaritarako beste itxura bat hartu zuen azokak.

Aspanogiren zapi gorriak burura lotuta, atsedenerako tarte handirik hartu gabe ibili dira boluntarioak lanean asteburu osoan zehar, eta bereziki, zapatuan.150na lagunetik gora lagun elkartu ziren bazkaritan zein afaritan zapatuan, eta domekako bazkaria zerbitzatu ondoren itxi zuten jantokia. Zapatuan motozaleen topaketaz eta artisau azokaz gozatzeko aukera ere izan zen goiz-partean, eta girotu zuten iluntzea rock musikarekin Uztargi tabernaren arkupeetan.

Atzo goizean ere atera zituzten kalera beren produktuak herriko artisauek, eta askotariko jolasetan parte hartzeko aukera izan zuten umeek goiz-erdian. San Agustin kulturgunean, berriz, hitzaldia eman zuten Aspanogiko lagunek. Izan ere, haientzat izango da aurten azokan bildu duten dirua. Momentuan ez dute zehaztu dirutan zer eman duen aurtengo azokak, baina kontuak egin bezain laster jakinaraziko dutela agindu dute antolatzaileek.