%2,8ko igoera izango dute Mendaron udal-zergek, hondakinen gainekoak izan ezik, %6 igoko baita

Barren 2025ko urr. 10a, 11:18

Mendaroko Udalak aho batez onartu zituen 2026rako zerga-ordenantzak udalbatzaren irailaren 30eko osoko bilkuran.

Salbuespena egingo dute hondakinen kudeaketa-tasarekin. Izan ere, %6ko igoera aplikatuko diote, Mankomunitateak Udalari aplikatu dion igoera bera. Igoera horrek, praktikan, 10 euroko igoera suposatuko dio urtean familia bakoitzari.

Neurri sozialak

Era berean, neurri sozial batzuk ere adostu zituzten, bai eta zenbait jarduera sustatzekoak ere. Udal gimnasioan, esaterako, urteko abonua ordaintzen dutenek %50eko hobaria izango dute frontoiaren eta padel pistaren alokairuan, eta beraz, 10 euro ordaindu ordez 5 euro ordainduko dute alokairuagatik.

Mendaroko euskara eskoletan izena emateak, berriz, 80 euroko kostua izango du, baina ikasturte amaieran %75eko asistentzia egiaztatzen dutenei matrikularen zenbatekoaren erdia itzuliko diete. Azkenik, udal zerbitzu guztietarako tarifa sozial berria ezarriko dute. RGI, AES edo baliokideak jasotzen dituzten pertsonek %100eko hobaria izango dute udaleku, ludoteka, euskaltegi eta bertso-eskola zerbitzuetan. Neurri guzti horiekin
Udalak "diru-sarrerak eguneratzea eta herritar guztientzako zerbitzuen irisgarritasuna sendotzea" uztartu nahi dituela esan du alkateak, "arreta berezia jarriz kolektibo ahulenengan".