'Mugi, neska' whatsapp komunitatea sortu du In Leike elkarteak Mendaron, emakumeak jarduera fisikoa egitera animatzeko

Barren 2025ko urr. 6a, 18:00

Genero estereotipoak eta rolak oso errotuta daude gizartean eta Mendaroko In Leike kultur elkartekoek uste dute hori izan daitekeela arrazoi bat emakumeek gizonek baino neurri handiagoan lagatzeko jarduera fisikoa egiteari. Horregatik, 'Mugi, neskak' whatsapp komunitatea sortu dute emakumeentzat, elkarrekin ariketa fisikoa edo kirola egitera animatzeko.

 

"Kirola bizi garen gizartearen isla da. Kirola da gizon-emakumeen arteko berdintasunik eza gehien nabarmentzen den esparruetako bat, nahiz eta aldaketa garrantzitsuak ikusi ditugun azken urteotan, nagusiki emakume kirolariak gehiago ikustarazten direlako eta, horri esker, gazteek beren burua ikusteko eredu berriak dituztelako", esanez hasi dute aurkezpena. Kirola egin duten emakumeak beti egon diren arren, urte askoan zabaldu den irudia beste bat izan dela azpimarratu dute, gizarte heteropatriarkalak kirola gizonezkoen irudiarekin bistaratu izan duelako, eta uste dute horrek emakume askorengan eragin duela.

Diote, estereotipoen eta rolen ondorioz, emakumeek gizonek baino neurri handiagoan lagatzen diotela kirola egiteari, bereziki bizitzako etapa batzuetan, eta horren kontra egin nahi dute. Nabarmendu dute ariketa fisikoa egitea guztiontzat dela onuragarri eta animatu dituzte herriko emakumeak antzeko interesak dituztenekin elkartzera eta elkarrekin jarduera fisikoa egitera:  "Badago zerbait, sarri, nahi baino gehiago lotzen gaituena. Gauza asko izan daitezke zerbait hori: lotsa, alferkeria, lagunak falta izatea…. Ahaztu denak, eta batu gure komunitatera, emakumeeon sarera. Ez erreparatu adinari, ez gorputzari, ez besteek pentsatuko dutenari eta ez beste ezeri eta hartu denbora zeuretzat ere. Lotu gure komunitatera eta aukeratu ondoen datorkizun aukera".

Herrian whatsapp taldeen bidez zabaldu dute komunitatera lotzeko linka