Hiru nafar, zazpi gipuzkoar eta asturiar bat lehiatu dira gaur goizean, Donezteben, guztira hamaika aizkolari. Nafarroatik, Iker Vicente (Otsagabia, 1997), 2019, 2023 eta 2024ko txapelduna; Oier Kañamares (Arostegi, 1996) eta Joxean Etxeberria (Ziga, 1995), azken lau edizioetako finalista eta iaz laugarren postua lortu zuena, aritu dira, eta Gipuzkoatik Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a (Aia, 1993); Julen Gabirondo (Urnieta, 1989); Xabier Zaldua (Zumarraga, 1977); Mikel Larrañaga (Azpeitia, 1989); Eneko Otaño (Beizama, 1994); Julen Alberdi Txikia IV.a (Azkoitia, 1991) eta Hodei Ezpeleta (Mendaro, 1999), 2011 eta 2022ko txapelduna; Asturiastik etorri da David Naredo aizkolaria (Sariego, 1992), iaz finalean sartzeko hiru segundora geratu zena.
Aizkolari bakoitzak bi kanaerdiko (39,8 zentimetroko diametroa), 60 hazbeteko bi enbor (44,3 zentimetro) eta bi oinbiko (53,1 zentimetro) ebaki behar izan ditu eta lehenengo seirak azaroaren 2an Azkoitian jokatuko duten finalerako sailkatu dira. Hode Ezpeletaz gain, honako bost aizkolarik lortu dute finalerako txartela: Iker Vicentek, Mikel Larrañagak, Julen Alberdi Txikia IVak, Xabier Zalduak eta Julen Gabirondok.
16:37ko denbora eginda Iker Vicente otsagabiarra izan da gaur lanak amaitzen azkarrena, eta ia minutu eta erdi atera dizkio bigarren egin duen Hodei Ezpeleta mendaroarrari.