Joan zen zapatuko Gararock jaialdiaz balorazio positiboa egin dute antolatzaileek eta eskerrak eman dizkiete zapatuan Mendarora batu ziren guztiei, izandako “portaera eredugarriagatik”. Era berean, esker on hitzak izan dituzte Gazte Asanbladakoentzat gauez Gaztetxea zabaltzeko egindako ahaleginagatik, eta baita bederatzigarren edizio honetan lanean jardun ziren boluntario nahiz laguntzaile eta babeslentzat, emandako laguntza eta bultzadagatik. Laguntzaileen artean aipatu dituzte Mendaroko Udala, Katapulta Tour Gipuzkoa, Uztargi Terraza, Ederson, eta eguna argazkitan jasoa gera dadin lanean jardun ziren Alessandra De Schmidt eta J.A. Areta Goñi Juxe argazkilariak.
Eskertzetan ez dituzte ahaztu, jakina, aurtengo sei talde gonbidatuak. Hala zabaldu dute: "Mila esker Arima Souli, beren soul-funk erritmoekin jendea fliparazteagatik; Bobbi Relac eta haren bandari, beren proposamen interesgarri, iradokitzaile eta originagalatik; Beren broche pop originalarekin buruak lehertuarazi zizkigun Silitiari. Haien elementu eletronikoak, dantza erotikoak eta kung fu saioak... zaila da hitzetan azaltzea Silitiak eman zuen kontzertua; Pinpilinpussies bikoari,eman zuten zuzeneko basatiagatik, sortu zuten arrabotsagatik eta ekarri zuten freskotasunagatik; Bilboko Antzokia betetzetik etorri ziren Ezezez taldekoei, izugarria delako banda bat bere onenean ikusteko aukera izatea eta beti gogoratuko dugulako; eta Los Chicosi, haiekin hartu genuen gozatuagatik. Beti gustatzen zaigu rock¬rol hutseko bandaren bat ekartzea eta Los Chicos onenetariko bat da, zalantzarik gabe".
Eguraldiak ez zuen lagundu eta B plana jarri zuten bezperan martxan antolatzaileek, plazan egitekoak zituzten kontzertuak karpapera aldatuta, eta karpan egitekoak zituztenak San Agustin kulturgunera eramanda, baina bi espazioak bete ziren jendez eta horregatik bakarrik ahaleginak merezi izan zuela nabarmendu dute. "Gure jaialdia iraileko musika-zita saihestezin gisa sendotzen ari den sentsazioarekin" oso gustura agertu dira Gararocken antolatzaileak. Gogorra izan zaie aurtengo urtea, lagunak ere galdu dituztelako bidean, eta haientzako akordua ere izan dute balorazioan. "Jone Gurrutxaga eta Patxi Garate. Utzi duzuen hutsunea izugarria da, eta gure bihotzean eramango zaituztegu beti". Eta jaialdiko une askotan egin zuten bezala, Israel Palestinan egiten ari den genozidioa ere salatu dute balorazioan: "Eta beti gure pentsamenduan Gaza eta Palestinako tragedia. Gelditu genozidio hau! Palestina askatu!"