Autobusa Debatik (Pasealeku estalia) irtengo da 9:30ean, eta 9:40an hartu beharko da Mendaron (Azpilgoetako geltokia). 10:00etan Eibarren (Ego gain) eta 10:10ean Ermuan (Kaltzango geltokian) ere geratuko da. Itzulera manifestazioa amaitu ondoren egingo dute, 14:00etan. Interesatuek 10 euro ordaindu beharko dute. Izena emateko Mendaroko Gazte Asanbladakoekin jarri behar da harremanetan (688 821 741).
Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatu du manifestazioa. Iruñeako Gaztelu plazan egin dute mobilizazioa aurkezteko agerraldia, eta han azaldu dutenez, herri palestinarraren aurkako genozidioak gora egin izana gaitzetsi nahi dute, eta "mendebaldeko gobernuen eta hedabideen hipokrisia" kritikatu: "Hainbat hilabetez arazoa estaltzen ibili eta gero, kezka humanitarioa dute orain ahotan". Deitzaileen iritziz, Gazan bizi duten gosetea planifikatua izan da, eta duela bederatzi hilabete publikoki iragarri zuten Rafah-ko pasabidea erabat itxi zutenean, ura, janaria, erregaia eta elektrizitatea sartzea galaraziz.
"Bi urte pasatu dira Urriaren 7tik. Bi urteotan historiako genozidio lazgarrienetako bat gauzatu du sionismoak Palestinan, eta halere, palestinar herriaren erresistentzia grina ez da itzali, ezta haren aldeko elkartasuna ere", adierazi dute. Aurrerapausuak emateko garaia dela gaineratu dute, "palestinar erresistentziaren alde, Israelgo entitate sionistaren desegitea aldarrikatzeko eta konplize guztien aurkako borroka zuzena biderkatzeko".