Musika eskaintza oparoaz gain, jan-edanerako aukerak ere ziurtatu dituzte antolatzaileek zapaturako. Bi foodtruck egongo direla aurreratu dute eta, gauean, Gazte Asanbladakoek Gaztetxea zabalduko dute. Bi eszenatoki jarriko dituzte jaialdirako: Garagartzako plazan bata, eta Gaztetxe aurreko aparkalekuan bestea, eta bi plan dituzte lotuta, eguraldiaren arabera bat edo beste gauzatzeko.
Hona hemen Joe Jimenezen marrazki batetik sortu duten aurtengo kartela eta taldeen laburpen bana.
ARIMA SOUL (17:30ean, plazan)
Lidia Insausti abeslariak eta Mikel Unzurrunzagak (DJ Makala) 2020an sortutako proiektua da Arima Soul, baina denbora honetan beste musikari ezagun askoren laguntza izan dute, bai grabatzeko eta baita zuzenekoetan ere (Paul San Martin, Jokin Vitoria, Gorka Gaztanbide, Hilario Rodeiro, Gonzalo Encinal, Andrés Navascues, Antxon Sarasua, Celes Albizu eta Martin Asarain). Musika beltzaren zaleak dira eta beren proposamenak Soul, R&B, Funk eta Jazz-Groove estiloak uztartzen ditu, besteak beste. Euskaraz sortutako konposizio propioak dituzte, baina bertsioak ere egiten dituzte. EP bat, hainbat single eta estudioko disko luze bi dituzte argitaratuta: Arima Soul-1 eta Gaua.
BOBBI RELAC (18:45, karpan)
Barakaldon sortu eta Irun eta Errenteria artean hazitako Bobbi ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoaren proiektua da Bobbi Relac. Berak jartzen ditu ahotsa eta gitarra, eta Javier Vallejo bateria-joleak (Los Nerviosos, Thee Eliam) eta Jorge Murci (Los Bracco, Batman Beer) baxu-joleak osatzen dute banda. Diego Vasallo eta Maika Makovski bezalako artisten proiektuetan parte hartu izan du, eta Fermin Muguruza, Atom Rhumba eta Cabezafuegoren giretan ere parte hartu du musikari gisa Bobbiek. Era berean, Fuzz & Curry edo Kaiula ikus-entzunezkoetan ere parte hartu du eta baita zinemarako, film laburretarako, dokumentaletarako eta, dantza, antzerki eta pinturako ikuskizunetarako soinu bandak sortzen ere.
SILITIA (20:00etan, karpan)
Ibai Silicato (Lekeitio, 1997) eta Xabier Barrutia (Bilbo, 1999) sortu zuten Silitia, baina gerora Dani Artetxe (Bilbo, 1999) eta Adri Lorenzo (Bilbo, 1998) batu zaizkie eta laukote eginda datoz Mendarora. Brioche pop gisa definitzen dute egiten duten musika, baina estiloez galdetuta, punky-funky-elektro-euskal-rock abestiak egiten dituztela diote. "Silitia proiektu poliedrikoa da, etengabe eboluzionatzen ari dena eta urrats bakoitzean harritzen duena", diote haien buruaz. Musika elektronikoa, post punka, funka, 80ko hamarkadako musika, art rocka eta musika moduko estilo ezberdinak maisuki nahasten dituzte, eta antolatzaileen arabera, proposamen erakargarria egingo zaie bereziki gazteei
PINPILINPUSSIES (21:15etan, plazan)
Bi lagun dira Pinpilinpussies, Ane Barcena eta Raquel Pages, durangarra bata eta Bartzelonakoa bestea eta gitarra eta bateria jotzen dute biek, bai eta abestu ere. 2019ko otsailean argitaratu zuten beren lehen diskoa, bost kantukoa. Post-punk jarrerako garage popa egiten dute, musika gogorra. Hasi zirenean Raquelek gitarra jotzen zuen eta bera zen ahots nagusia, eta Anek laguntzen zion baterian eta koroetan, baina orain, txandaka aritzen dira zuzenekoetan. Bitxia egiten zaio ikusleari, ez gaudelako horrelakoetara ohituta, baina Raquelek eta Anek, nork bere kantuak dituzte, eta bakoitzak bereak defendatzen ditu gitarrarekin, eta laguntzen dio lagunak baterian. Rocka egiten dute eta kanon guztiak hausten ari dira.
EZEZEZ (22:30ean, plazan)
Bilbo inguruko lau musikarik osatzen dute Ezezez, Unai Madariagak, Eneko Ajangizek, Alvaro Olaetxeak eta Mikel Irigoyenek, eta post-punk eta rock taldea dira. Azken urteotan, sutan jarri dituzte hemen bertoko nahiz Espainiako jaialdi ezagun askotako agertokiak, hala nola Bilbao BBK Live eta Monkey Week. 2022an beren lehen albuma argitaratu zuten, When I Think Something is Funny, I Smile eta gero etorri zen Katuzaldia. Hirugarren diskoa eman dute argitara aurten: Kabakriba. Punk, rock, grunge, psikodelia... estiloak nahasten dituzte beren azken lanean, eta gatz handiko letrak dituzte.
LOS CHICOS (Gauerditik aurrera, plazan)
Madrildik datoz eta aurten Gararocken joko duen talde beteranoena da Los Chicos, hogeitaka urteko ibilbidea osatu baitute. Rhythm garage, country rock eta soul & rola egiten dute, eta disko berria besapean hartuta datoz Mendarora: Never is too much. Pub-rocka eta Hi Energy-ren tradiziorik onena nahasten dituzten gitarrak; laguntasuna, heldutasuna, traizioa eta itxaropena moduko gaiak harilkatzen dituzten letrak eta poza eta festa-gogoa sorrarazten dituzten kantuak.
Zortzi disko dituzte argitara emanda, eta dozenaka kontzertu eman dituzte estatuan, zein atzerrian, bai eta gira asko egin ere, Erresuma Batuan, Europan eta Australian. 2025eko otsailean, gainera, rock and rollaren estatuko Ruta66 agerkari ezaguneko azala izan ziren. Dena ematera datozela zabaldu dute, eta haren emanaldian nekez eutsiko dio entzuleak dantzan egin gabe.