Zabaldu dute Mendaroko ludotekan eta gaztelekuan izena emateko epea

Barren 2025ko ira. 15a, 13:47

Ikasturte berriarekin batera, zabaldu dute Mendaron gaztelekuan eta ludotekan izena emateko epea. Ludotekan ateak irekitzeko astea izango dute honako hau eta aurkezpen-saioa egingo dute barikuan, hilaren 19an, gaztelekuan.

Ludotekaren erabilera adinka banatuko dute aurten ere Mendaron. Astelehenetik barikura zabalduko dute, 17:00etatik 18:30etara, eta honela banatu dituzte egunak. Astelehen eta asteazkenak Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailako ikasleentzat gordeko dituzte; astearteak LH3 eta LH4koentzat, eta azkenik, ostegun eta ostiralak, Haur Hezkuntzakoentzat, 4 eta 5 urtekoentzat. Ludotekan izena emateko epea zabalik dago, baina gaur hasi eta ostirala bitartean, ludoteka ezagutzeko egunak izango dituzte herriko haurrek. Izena eman nahi duenak Mendaroko Udalaren webgunean sartuta eman beharko du, baina informazio gehiago nahi duenarentzat telefono zenbaki bat eta posta elektroniko bat eman dituzte: mendarokogaztelekuaetaludoteka@gmail.com / 613 035 413.

Ostiralean zabalduko dute gaztelekua, irailaren 19an. Asteko hiru egunetan zabalduko dute gero, ostiral, zapatu eta igandeetan, eta Lehen Hezkuntzako bosgarren mailakoetatik hasi eta 17  urtera artekoei emango die zerbitzua, 18:00etatik 20:00etara. Mendaroko Udalaren webgunean jakinaraziko dute programazioa.