Urteak dira Mendaroko Udala, zatika-zatika, kale argiteria LED teknologiara aldatzeko urratsak ematen dabilela. Argiteria publikoko instalazioak eta luminariak hondatzen joan dira urteekin, eta horrek argiztapen-ekipoetan matxurak sortu ditu. Horregatik, apurtuta zeuden luminariak LED luminaria berriekin ordezkatzen joan da Udala, gaur egungo teknologiara egokituz eta "aurreko instalazioekin alderatuta energia-aurrezpen garrantzitsua" lortuz.
Bide horretan beste pauso bat emango du orain. Izan ere, Mendaroko kale argiteria osotik LED teknologiara aldatzeko geratzen den partea (%65) berritzeko Trantsizio Ekologikorako Ministerioko laguntza eskatu zuen Udalak urte hasieran, eta orain jakin duenez, 507.274,05 euroko laguntza jasoko du mailegu moduan. Mailegu horrekin, gainera, aginte-koadro bakoitzean telekudeaketa sistema zentralizatua instalatzea ere aurreikusten dute, instalazioa urrutitik kontrolatu eta programatu ahal izateko, haren datuak denbora errealean jasoz eta sarearen mantenuaren kudeaketa erraztuz.
10 urtetan bueltatu beharreko mailegua
Mailegua interesik gabekoa dela zehaztu dute eta 10 urtetan bueltatu beharko dutela. Kontuan hartu behar da, ordea, argiteria erabat berritzeak urtero suposatuko duen diru aurrezkiak urtero itzuli beharreko mailegua ordaintzeko balioko duela, "eragiketa osoa ekonomikoki oso erakargarria bihurtuz".
2025 amaieran lizitatuko dituzte lanak eta 2026 hasieran egingo dira. Behin lanak amaituta Mendaroko kale argiteria osoa LED teknologiakoa izango da eta horrek energia kontsumoa jaistea ekarriko du, dakartzan onura guztiekin. Hala azaldu dute Udaletik: "Alde batetik erregai fosilekiko dependentzia txikitu eta energia burujabetzan aurrera egingo dugu. Eta jakinekoa da aldaketa klimatiko eta krisi energetiko garaiotan, jasangarritasunerako nahiz energia burujabetzarako urrats garrantzitsuena kontsumo energetikoa ahal den guztia jaistea dela. Eta bestetik ekonomikoki ere aurrezpen nabarmena suposatuko du Udalarentzat urteroko argindarraren fakturan. Gainera LED teknologiari esker kaleetako argitasun eta argiaren berotasun maila mantenduko da, kontsumoa jaitsi arren".