Santio Egunaren ondotik, Santa Ana eguna ospatuko dute gaur Mendaron, zaindariaren omenezko eguna

Barren 2025ko uzt. 26a, 09:00

Santa Ana eguna dute gaur Mendaron, zaindariaren omenezko egun handia, baina gaurko jai-eguna hasi aurretik, hona hemen, atzoko egunak eman zuenaren laburpen bat.

Santio Eguna ospatu zuten atzo Mendaron. Goizean meza izan zuten Garagartzako elizan, eta ondoren, Kuttune taldeak kontzertua eman zuen plazan, euri mehatxupean. Udaletxekoek karpak jarri zituzten plazan, herritarrak aterpean egon zitezen kontzertuak iraun denboran, baina eutsi zion eguraldiak gutxi-asko, tanta banaka batzuk bota bazituen ere. Hamar musikari aritu ziren oholtzan, eta folka eta munduko bazter askotako musikaz gozatu zuten entzule izan zituztenak. Arratsaldean, berriz, Mendaroko Gazteak dantza taldekoek dantza emanaldia egin zuten frontoian, Ameikutz musika eskolako txistulari eta atabalariak lagun hartuta. Frontoi bete lagunen aurrean aritu ziren ume eta helduak dantzan, ordubete inguruko jaialdia eskainiz. Saioa amaitzeko dantzariek esker-on omenaldia egin zieten  aurtengo jaialdirako dantza berriak josi dizkieten emakumeei. Lurdes eta Kontxi Urainen faltan, Mari Tere Lazarobaster, Marije Arakistain, Maider Salegi eta Rosa Epelde jostunak irten ziren jende aurrera eta lore sorta bana jaso zuten dantza taldeko kide diren biloba eta lagunen eskutik, eta txalo zaparrada handi bat ere bai, frontoia bete zuten lagunen partetik.

Dantza saioa amaitu eta ia ordu berean hasi zuten Azpilgoetan Mandiope erramupean musika saioa, Itziarko Mandiope dantzalekua oroitzeko herritar talde batek antolatutako ekimena. Gazi-gozoa izan zen atzokoa. Gazia, jaialdia hasi aurretxoan jakin zutelako antolatzaileek Mandiopeko kuadrillako kide zuten Jone Gurrutxaga mendaroarra hil zela, 57 urterekin. Joseba Olazabal eta Asensio Artetxe ekimenaren sustatzaileek aitortu zuten zalantza ere egin zutela ekimena bertan behera laga edo ez berria jakin zutenean, baina lagunak estimatuko zuela eta aurrera egitea erabaki zutela, atzoko jaia Gurrutxagari eskainiz. Mendaroko bertako eta kanpotik etorritako jendea ere ingururatu zen okasiorako Azpilgoetako erramupera, tartean itziartar batzuk ere bai, Mandiopen disko jartzen egin zutenak eta bestela. Oier Quirogak egin zuen disko jartzen jaialdian eta Gararock taldekoek jarri zituzten bitartekoak.

Gauean, berriz, eta ohi legez, helduen danborrada izan zuten. 22:00etan hasi eta 00:30ak aldera bukatu zuten kalez kaleko ibilia danborjole eta kupel jotzaileek, frontoian. Bete egin zen frontoia, ohikoa den legez, eta Mendaroko martxarekin amaitu zuten atzokoa. Danborradaren ostean, mariatxiek hartu zuten plazako oholtza.