Ikusmin handia sortu dute Mendaron Gazte Asanbladak antolatutako frontenis txapelketako finalek

Barren 2025ko uzt. 24a, 09:53

Jendetza handia batu zen atzo Mendaroko frontoian, Gazte Asanbladak antolatutako frontenis txapelketako finalak ikustera. Hango txalo eta aupada, gozatu zuten pilotariek frontoian, bai eta ikusleek ere haiek emandako erakustaldiarekin. 

Maiatzean hasi zuten txapelketa, atzo jokatu zituzten finalak eta ikusmin handia sortu zuten partidek, txapelketa osoan zehar bezala. Frontoia eta inguruak bete egin ziren okasiorako eta pozik ziren antolatzaileak, hilabeteetako lanak eta ardurak merezi izan zuelako. 18:30ean hasi zen jaialdia, nerabeen partidarekin. Norgehiagoka estua izan zen Haritz Zubiaurre eta Oinatz Arriolak Luken Zulaika eta Lizar Ezenarroren kontra jokatu zutena. Markagailuan berdinduta izan ziren une askotan, eta urduritasun handiko momentuak bizi izan zituzten pilotari gazteek. Estreinako aldia zen frontenis txapelketan lehiatzen zirena, aurten eman baitiete horretarako aukera Gazte Asanbladakoek, eta aitortu zutenez, hankak dar-dar zituztela jokatu zituzten azkeneko tantoak. Azkenean, Luken Zulaika eta Lizar Ezenarrok irabazi zuten partida, 22 eta 21eko emaitzarekin.

Nerabeen atzetik, emakumezkoen finala jokatu zuten Ane Landa eta Maria Bastida mendaroarrek Ines Sastre madrildarraren eta Miren Gisasola eibartarraren kontra. Estua izan zen lehia bigarren partidan ere, eta harmailan nabarmenagoak izan ziren herritarren aldeko txalo eta oihuak, normala denez, baina aurkariek gogor eutsi zioten presio horri, eta azkenean haiek gailendu ziren 22 eta 18ko emaitzarekin. Hirugarren partidan, gizonezkoetan, Ander Aberasturi eta Axular Agirregabiria aritu ziren gorriz jantzita eta urdinez Luken Agirregabiria eta Asier Olabe. Partida azkarra eta gogorra izan zen oso, tentsio handikoa, eta goia jo zuen giroak. Eutsi zioten sendo atzelariek eta tanto ikusgarriak egin zituzten aurrelariek. Gorriek irabazi zuten partida, 22 eta 12ko emaitzarekin. 

21:40ak aldera bukatu zuten partida gizonezkoek, eta ekin zioten jarraian sari banaketari Gazte Asanbladakoek. Pott zeramikak egindako katilu bana jaso zuten saridunek, eta giltzarrapo bat eta datorren urteko txapelketan "hobeto jokatzeko" esku-orri bat txapeldunordeek. Bukaeran, txalo egin zien publikoak Gazte Asanbladakoei, bi hilabetez asteazken eta ostegunero sortu duten giroagatik. Puntu ilun bakarra utzi zuen atzoko finalak: ikusle izan zirenetako batzuek frontoian eta inguruetan utzitako zaborra. Hala salatu du herritar talde batek.