Historia luzea izan zuen Itziarko Mandiope dantzalekuak. Seme-alabak ikastolara bidali nahi zituzten Oikiako (Zumaia), Arroa Goiko (Zestoa), Mendaroko eta Itziar bertako gurasoek sortu zuten 1977a aldera, seme-alabak ikastolara eraman ahal izateko garraiorako dirua lortzeko. Itziarko baserritarren kooperatibaren ukuiluan zabaldu zuten Mandiope. Itziarko historia garaikidean erreferentziazko izan diren hiru gizonek laga zieten guraso haiei taberna eta erromeria lekua izango zena zabaltzeko lekua: kooperatibako jabe Jose Landak, Martin Aranberrik eta Simon Aldalurrek, eta hamabi astez aritu ziren guraso talde hura eta Itziar bertako beste zenbait lagun, auzolanean, zapaturo, ukuilu hartako mandiopea erromeriak egiteko egokitzen. Txandaka bete zituzten gero tabernako lanak gurasoek, eta izen handiko taldeen erromeriak hartu zituen Mandiopek: Egan, Indar Trabes (gero Itoitz izango zena)...
Pare bat urte iraun zuen etapa horrek, Joseba Zulaika idazle eta ikertzaile itziartarraren esanetan. Lehenengo ikastolen alde aritu ziren eta gero Itziarko gaztetxerako dirua biltzeko, baina bukatu zen hura, Jaurlaritza ikastoletako haurrentzako laguntzak ematen hasi zenean eta herriko gazteek ikusi zutenean astero erromeria antolatzeak ez zuela dirurik ematen. Eta hala erabaki zuten Mandiope diskoteka bihurtzea. 1979ko udazkenean proiektua findu, behar ziren egokitzapenak egin eta 1980an zabaldu zuten, bestelako musika bati lekua eginda.
Urte hartan antolatu zuten estreinako euskal pop-rock lehiaketa eta iragarri zuten lau haizetara inaugurazioa abenduaren 28rako, Bixente Ameztoik 1930ean Aurelio Artetak sortu zuen arraunlariaren margolanean inspiratuta egin zuen kartelarekin. Bingen Zubiria, Xemen Lazkao, Begoña Ta Soledad, Ziper (Gari abeslariaren estreinako taldea), Zen, Zarama... taldeek parte hartu zuten eta disko bat ere argitaratu zuten, Euskal musika 80 izenarekin. "Dirua lortzeko antolatu genuen hura, baina ez zen guk nahi beste jende bildu eta dirurik ere ez genuen egin", aitortu du Joseba Zulaikak, Mandiope diskoteka bihurtu zuten taldean eragile izan zenetako batek. "Orduko bost milioi pezeta zor genituen, geu ginen erantzule eta herriko igeltsero, arotz eta gainerakoen aurrean oso gaizki geunden, eta hala, egin genuen beste ahalegin bat izen handiko beste zenbait talderekin. Ekarri genituen La Orquesta Mondragon, Rosendo Mercado eta lagunen Leño taldea... eta egia esan, lortu genuen diru pixkat haiekin", gehitu du.
Ahaleginak eta bi egin zituzten jendea erakartzeko, eta propaganda egiten ere xahautu zuten denbora, baina ezinezkoa zitzaien Mandiopetik 500 metro eskasera zegoen Txitxarrorekin lehiatzea. "Hura bete egiten zen, eta gurea ez. Beti bereiztu nahi izan genuen Txitxarrotik eta Mandioperen azken fasean zabaldu genion atea beste musika bati, rock progresiboago bati, Londrestik eta Madrildik zetorren abangoardiako musikari, eta eman zion hark entzute bat Mandioperi". Orduko eskemetan kabitzen ez zen gazte-jendea hasi zen Mandiopera inguratzen, giro kontrakultural eta errebeldea bilatzen zutenak eta ezarritako generoak zalantzan jartzen zituzten kolektibotakoak. Horietakoak ziren Mandiope erramupean ekimenaren sustatzaileak ere.
Mandiope 1988-89 aldera itxi zuten, Itziarren etxebizitzak egiteko proiektua hasi zutenean eta lokalaren jabeek lokala saltzea erabaki zutenean