Iazko maiatzean hasi zituzten Egurki enpresakoek Santa Ana ermitari erretila berria egiteko lanak, baina teilak kendu zituztenean teilapeko taula sitsak janda zegoela eta gapiriotako batzuk hondatuta zeudela ikusi zuten. Konplikatu egin ziren hala Gipuzkoako Ondare Historiko-Artistiko Saileko arkitektoek aurreikusitako lanak, eta garestitu zen obra. Ondorioz, kontratu txiki bidez egitekoa zuten obra lizitaziora atera behar izan zuen Udalak eta luzatu zen dena. Horregatik, iazko ekainaren hasieran eten egin zituzten ermita berritzeko lanak aldi baterako eta santanetan ezin izan zen han jairik egin. Lizitazio prozesua Egurkik berak irabazi zuen eta aurtengo urtarrilean amaitu zituzten azkenean lanak (137.927,04 euroko aurrekontua izan zuten).
Baina gauza batek beste bat eskatzen du. Eta gaina berritu ondoren barrua ere txukundu beharra ikusi zuten Udalekoek. Enpresa bati eskatu zioten hala barrua garbitzeko eta Debemeneko brigada batek konpondu, margotu eta bernizatu ditu elizako aulkiak. Donostiako Gotzaitegiarena da ermitaren jabetza, 1986an inmatrikulatu zutenetik, baina 30 urterako lagapen akordioa sinatua du Udalak harekin, eta bere gain hartuak ditu mantentze-lanak. Santa Ana egunerako, ermita bera ez ezik, inguruak ere garbitzen eta txukuntzen dihardute orain. Bidean hondatuta zeuden egurrezko trebesak konpontzea, sastrakak garbitzea, belarra moztea eta ermitaren eskuin hegalean bertsolariek eta trikitilariek oholtzatzat erabili izan duten harria konpontzea izan dira lehentasunak, alkatearen esanetan. Era berean, eliztarrek aldare nagusia ere margotu dute zuriz. Eliza osoa margotzea dute helburua, baina hormak hezetasun handiarekin daude, teilatua hondatuta egon den denboran ura sartu delako, eta hormak ondo lehortu arte margotzea alferreko lana hartzea zela erabaki zuten.
Santa Ana egunean, 11:00etan emango dute meza. Mikel Aranguren Elizbarrutiko bikario nagusiak emango du. Hiru urte dira santanetan mezarik ospatzen ez dutena Santa Anan, segurtasunaren izenean hala hobetsi zutelako, eta azkeneko hiru urteotan Garagartzako parrokian hasi dute jaia [2009an, 2016an eta 2019an ere ez zuten Santa Anan jairik egin, eguraldi txarragatik lehenengo bietan eta luizi bat izan zelako 2019an, 2020an eta 2021ean, pandemia izan genuen].
Bustin Alde elkartekoek jarriko dute ohi legez txosna Santa Anan, eta hasita daude zuzendaritzakideak bazkide beteranoen laguntzarekin egun handirako jirak prestatzen. 1980. urtean sortu zuten Bustin Alde elkartea, eta haren lana izan ohi da urtean behin Santa Anan mendaroarren gose-egarriak asetzea.