Santa Ana Jaiak

Bazkaria eta dantzaldiarekin ospatu dute adinekoek beren eguna Mendaroko santanetan

Barren 2025ko uzt. 20a, 21:20

Atzoko jai egun handiaren ostean, Adinekoen Eguna ospatu dute gaur Mendaron, santanen barruan. 

Azpilgoetan ospatu  duten mezarekin hasi dute adinekoek beren eguna gaur. Elizatik irteterako zain zituzten udaletxeko langileak krabelin bana emateko. Paparrean lotu dizkiete krabelinak Aizpe elkartean bazkaltzekoak ziren 70 urtez gorakoei, eta zitatu dituzte Aizpen bazkaltzeko. Ohi moduan, catering  zerbitzua hartua zuen Udalak gaur adinekoentzako otordua prestatzeko eta Aizpe elkarteko zuzendaritzakideek hartua zuten zerbitzeko konpromisoa,  baina azken orduan catering enpresakoek huts egin dute, ustekabean. Hala ere, hasierako estuasuna gainditu dute antolatzaileek, eta aurrera egin dute bazkariarekin, konponbidea topatuta.

Bazkalostea Ion Urbieta disko jartzaileak girotu du. Ballsak, pasodobleak, kalejirak, fandango eta arin-arinak... askotariko musika jarri du Urbietak eta dantzaleku bihurtu da Aizpe. Leku askorik ez dute izan dantzarako, elkartea bete lagun elkartu delako gaur bazkaltzeko, 101 guztira, zerbitzen egin duten zazpi laguneko taldea zenbatu gabe. Dantzaldiaren erdi aldera, Udalekoek kamiseta bana oparitu diete bazkaltiarrei, Mendaro udalerriaren 40. urtemugan  atera zituztenak, eta zenbaki bana ere eman diete, ondoren egin duten zozketarako. Haizagailuak, bizkarzorroak eta Mendaroko Udalaren harmarridun kopak zozkatu dituzte. Ohi legez, bazkaltiarren arteko adindunenari lore-sorta ere oparitu diote Udaleko ordezkariek. Gregorio Santamartak jaso du gaur lore-sorta. 97 urte ditu Santamartak eta Enetz Ezenarro alkatearen eta Sonia Garcia zinegotziaren eskutik jaso du lore-sorta.