Santanetako egun handienetako bat izan zuten atzo Mendaron, Kuadrillen Eguna. Bizi Poza txarangaren kalejirarekin hasi zuten jai-egitaraua, iragarritakoa baino hogei minutu geroago. Izan ere, euskararen kontrako azken epaia salatzeko elkarretaratzea deitua zuen atzo eguerdirako UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, eta Mendaroko Udalak deialdiarekin bat egin eta herritarrei elkarretaratzean parte hartzeko aukera eman nahi izan zien. Ordulaurden inguruko bilkura izan zen, eta lehertu zen gero jaia, Bizi Poza txarangakoen doinu hotsekin.
Batzuk txarangakoen atzetik abiatu ziren, eta beste batzuk eskolako jolastokirako bidea hartu zuten, ordubatetan eman baitzioten hasiera paella prestaketari. 35 kuadrillak parte hartu zuten guztira atzoko lehiaketan, eta 490 lagun batu ziren bazkaritan; biztanleen laurden bat Mendaron 2.000 lagun bizi direla kontuan hartuta. Jai giroa nagusitu zen bazkalorduan eta ondoren. Bazkaritarako txapel originalak eramateko proposamena egina zuten jai batzordetik eta halaxe egin zuten askok eta askok. Ondoren, arratsaldean, Elektrotxufla txarangak hasi zuen auzoz auzoko kalejira. Ezagunak eta estimatuak dira Elektrotxuflakoak Mendaron, beste aurrez ere izanak direlako santanetan, eta jendetza handia mugitu zuten atzetik. Gauean, berriz, playbackean beren dantzarako dohaiak erakusteko tartea izan zuten herritarrek. Bazkaritan parte hartu zuten 35 kuadrilletatik zortzik parte hartu zuen playbackean, eta Mugi Panderoa erromeria taldekoek egin zuten epaimahaikide. Epaileek aitortu zuten izugarrizko maila izan zela atzoko playbackean eta ez zutela lan erraza izan onena aukeratzeko. Irabazlea TAF kuadrilla izan zen, Mendaron gaude kantuarekin.
Atzo lehiaketan, baina, hiru gauzatan parte hartu beharra zegoen sailkapen nagusirako, eta atzo aurkezle lanak egin zituen Trikititarrak kuadrillako Ainhoa Urbietak eman zuen saridunen berri. Paella lehiaketan Gazteak eta Etxebe kuadrillakoak nagusitu ziren, puntutara berdinduta; txapel originalaren saria Beti Goguakin kuadrillarentzat izan zen, eta playbackean, esan bezala, TAF kuadrillaren lana saritu zuten epaileek. Sailkapen nagusian, berriz, hauxe izan zen podiuma: TAF kuadrilla, Beti Goguakin eta, Errege eta konpainia. 400 euro jaso zituzten irabazleek, 300 bigarren egin zutenek, eta 200 hirugarren gelditu zirenek.