Mendi bizikletako Green Series txapelketak goranzko jauzi bat eman zuen iaz, zirkuituko lasterketak UCIren C2 kategoriakoak izatera pasa baitziren. Hala, nazioarteko kategoria eskuratuta, maila handiko ziklistak ere etorri dira puntu bila zirkuitua osatu duten zazpi lasterketetan lehiatzera. Erandion, Ispasterren, Ortuellan, Bilbon, Barakaldon, Ollarganen eta Lezaman jokatu dituzte aurtengo lasterketak, martxoaren 16tik ekainaren 22ra bitartean.
Mendaro Txirrindulari Elkartea ordezkatu du Azibar Iraolagoitiak zirkuituan, eta sailkapen nagusiko txapeldunordea izan da Master 50-60 kategorian, 1.140 punturekin. Iraolagoitia bere kategoriako onena izan zen bi lasterketetan, Barakaldon eta Ollarganen jokatutakoetan. Master 50-60 mailan Jose Luis Iñorbe (Oiartzun Bike) izan da onena, 1.230 punturekin.