Txistu eta danbolin hotsek hartu dute Mendaro

Barren 2025ko eka. 22a, 10:00

Danbolintero Gazteen Topaketa egin zuten atzo, zapatua, Mendaron, eta herrikoez gain, Azkoitiko, Azpeitiko, Urretxuko eta Donostiako txistulari eta danbolinteroek ere parte hartu zuten.

Kalez kale ibili ziren goizean txistulari eta danbolinteroak, Mendaroko auzoetan barrena, eta goiz erdian tailerra egin zuten Azpilgoetako Kultur Etxean, elkarrengandik ikasteko. Ordubete pasako tailerra izan zen, eta ondoren, Herriko Enparantzan saio labur bat egin ostean, Kilimon elkartera jo zuten, bazkaltzera. Arratsaldean, plazako dantzak jo zituzten Herriko Enparantzan eta Mendaroko Gazteak dantza taldeko dantzari batzuk ere inguratu zitzaizkien dantzara. Plazako saioaren ondoren, tabernaz tabernako bidea hasi zuten.