Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak eta Mendaroko Txirrindulari Elkarteak antolatu dute gaurko etapa, eta 10:30ean irten da tropela Herriko Enparantzatik. 105 bat kilometroko ibilbidea osatu dute, Mendaron hasi eta Mendaron bukatu dena. Mendarotik abiatu eta Osintxuraino igo dira, eta handik, Bergarako Labe Garaietatik buelta eman eta Maltzagaraino jaitsi dira, berriro ere Osintxuraino joateko. Handik bueltan Mendaroraino etorri, eta Sasiola parean Kalbario gainerantz hartu dute. Kalbarioko gaina igo, eta Mutrikutik Arribinieta gainera egin dute gero, handik Sasiolara jaitsi eta Mendarora itzultzeko. Helmugaratzen lehenengoa Eñaut Urkaregi Sanz izan da (2:36:20) eta haren segidan helmugaratu da KH7 taldeko Marti Martinez Pages (2:36:28). Podiuma Aimar Fernandez de Gorostiza Mitxel IMAQ taldeko txirrindulariak osatu du (2:36:56). Taldekako saria KH-7 taldekoentzat izan da, eta mendiko saria eta erregulartasunarena gaur irabazle izan den Eñaut Urkaregik eskuratu ditu. Bera izan da helmugaratzen lehenengo gipuzkoarra ere, eta berak jantzi du, jakina, liderraren mailota ere.
Elgoibarko Lagun Taldeko (BESA) sei txirrindularik parte hartu dute gaurko etapan: Iñaki Cornejok, Aimar Gonzalezek, Izortz Llodiok, Manex Larrañagak, Iñaki Astigarragak eta Ekaitz Labaienek, baina azken biak talde mistoan irten dira gaur. Sei txirrindulari baino gehiago dituzten txirrindulari eskolek sei txirrindularirekin osatzen dute talde ofiziala, eta gainerakoek talde mistoa osatzen dute, beste eskola batzuetakoekin. BESA taldetik Manex Larrañaga Sarriegik egin du denborarik onena. Irabazlearengandik zortzi ehunenera sartu den taldetxoan helmugaratu da, zortzigarren postuan, eta 2:36:56ko denbora egin du.
Itzuliko bigarren etapa Andoainen jokatuko dute bihar, domeka, eta astelehenean bukatuko dute Itzulia, Seguran.