Plaza bete lagunen aurrean aritu dira Ameikutz musika eskolakoak ikasturte bukaerako jaialdian

Barren 2025ko eka. 19a, 15:44

Herriko Enparantzan eman zioten atzo azkena Ameikutz musika eskolako ikasleek ikasturteari.

Ameikutz musika eskolakoek hamahiru kantu interpretatu zituzten guztira, atzo, plaza bete lagunen aurrean eman zuten ikasturte amaierako kontzertuan. Abesbatzakoek hasi zuten jaialdia, eta teklatuan Garikoitz Ortiz de Villalba irakaslea lagun hartuta, lau kantu abestu zituzten ikasle gaztetxoek: Euskal Herrian euskaraz abesti herrikoia, Lagun maitea, Hertzainaken Aitormena eta Itoitzen Lau teilatu. Ondoren, tronpetako ikasleek J.B Arbanen Air by Mozart interpretatu zuten, eta Juan Arriola irakaslea gitarran lagun hartuta irten zen oholtzara Alazne de la Iglesia biolinjole gaztea James Hornerren The Ludlows interpretatzera. Soinu eta panderoko zenbait ikasle igo ziren gero oholtzara eta fandango bat eta Kepa Junkeraren Gaztelugatxe jo zituzten, bi taldetan.

Amaia Sanz txistu irakasleak eta haren ikasleek ere ez zuten hutsik egin, eta baterian Enekoitz Zubiaurre ikaslea, eta gitarran Keu Agirretxe irakaslea eta Mikel Tellabide ikaskidea zituztela, Tambourino eta Berri Txarrak taldearen Katedral bat jo zituzten. Musika instrumentu ezberdinetako ikasleak batuta jardun ziren gero, hiru taldetan. Sunday, Adelleren Rolling in the Deep eta Suneren Kantauri kantuak jo zituzten, eta txaloka hartu zituzten entzuleek.